Kronika | San Martzialetako alardea
Giro paregabea Irunen, oraindik ere bi alarde egin beharra izan arren
San Martzial eguna ospatu zuten atzo Irunen, alarde eguna hain zuzen, eta aurten ere bi izan ziren, bi alarde eta kontakizun berbera. Egun osoko jai izan zuten irundarrek eta festa giro bikaina, gizon eta emakumeek, guztiek batera, kalean ospatu zutena.
Ana ABARIZKETA
Sanmartzialak dira Irun erakusleihoan jartzen duten festa nagusiak. Asko hitz egin da festa horien inguruan denbora luzez, eta oraindik ere sekulako ikusmina sortzen jarraitzen dute. Horrexegatik, hain justu, argazkilariz eta kameraz josten da herria ekainaren 30a iristen den aldiro. Halakoxea da ikuskizuna, zuzenean ikusteko modukoa, are izugarriagoa goiz-goizetik lanean hasten diren danbor doinuak.
Festa giroan igaro zen goiza Irunen eta azken urteetan bezala bi alarde ospatu behar izan zituzten irundarrek. Lakuak ezarritako ordutegia errespetatuz, 7.45ean abiatu zen alarde baztertzailea. Horretan parte hartu zuten emakumeak kantinera lanetan soilik, beti bezala. Hogei konpainiatan banatutako 8.000 soldaduk eta 19 kantinerak osatu zuten alarde hori, Satur Ibargoyenen agintepean. Herritarren txaloen artean ibili ziren herriko kaleetan.
Zerua argitzen eta lainoak desagertzen hastearekin bat ekin zion martxari alarde parekideak; hauxe beharbada, ibilbide osoko momenturik hunkigarriena. Urtez urte parte hartzaile gehiago dituen alarde parekidean 1.100 pertsona inguruk eta hamar konpainiak, iaz baino batek gehiagok, hartu zuten parte. Ezin zenbatu, hala ere, 10.08an Urdanibia plazako bidea ireki eta txalo zaparradaz herriko alarde parekidea babestu zutenak. Handik ekin zioten bideari neska eta mutil gaztez nahiz gizon eta emakume helduez osatutako alardeak.
Ezpain gorriak kolore bereko gorbata, txapel eta gerrikoarekin konbinatu zituzten batzuek, beti ere festen ikur den zuri-gorria errespetatuz, San Martzial egunean janzkera errespetatzea beharrezkoa da-eta. Pauso sendoz eta aurpegi irribarretsuen laguntzaz goitik beherako bideari ekin zioten, txilibitu eta danbor hotsak lagun, udaletxe atarira iritsi arte. Konpainia horietan aurpegi ezagunak ere baziren; han zen Fermin Muguruza musikaria, esaterako. Bidean herria goraipatzeko leloak entzuten ziren «Gora Irun! Gora San Martzial!». Oihuak, dantza eta eguzkitako betaurrekoak ez ziren falta.
San Juan plazan, udaletxe parean, konpainia guztietako kideak, zuzen eta tente, hirugarren urtez jeneralarena egitea egokitu zitzaionaren zain ziren, Ainhoa Ruiz de Arbuloren zain; zaldi gainean iritsi zen noski. «Kargatu, armak gora, tiro!» agindu zuen Ruiz de Arbulok eta eztanda nagusitu zen.
Eskopeten danbatekoak bat baino gehiago izutu zuen. Beldurtu zen horietako bat, plazan ikuskizunari begira zegoen neskatila bat. Gogorregia izan zen berarentzat eta bere garrasiek ere danbateko ederra sortu zuten Irunen.
Alkatea ez, baina...
Sanmartzialetako alardeari normaltasun kutsua ematea askoren nahia den arren, agerikoa da tradizio hau ospatzeko moduaren inguruko desadostasunek bere horretan dirautela. Bi alarde egin behar izana da horren adierazle argiena; bestea, herriko alkatearen jarrera. Izan ere, eta jada tradizio bihurtzen ari den bezala, Jose Antonio Santanok (PSE) ez zion alarde parekiderari harrerarik egin, ordu gutxi batzuk lehenago gizonez soilik osatutako konpainia agurtu bazuen ere.
Irungo herriaren ordezkari nagusiaren ordez, hala ere, izan ziren udaletxeko balkoian instituzioetako ordezkariak. Horietako bat zen Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente Lohitzune Txarola irundarra, hunkituta gainera bere herrian alarde parekidea jaso eta babes osoa eskatzeaz. Eta Txarolaren aldamenean, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia.
Plazako saltsatik udaletxeko balkoira begiratu eta gizon batek ondoan zuen lagunari Irunentzat argazki hori «historikoa» zela komentatu zion; izan ere, aurreneko aldia zen ahaldun nagusi batek alarde parekidea babestu eta balkoitik jasotzen zuela.
Txarola eta Garitano ez ziren bakarrak izan, EAk, Alternatibak eta Aralarrek ere beren babesa eskaini baitzieten gizon-emakumez osatutako hamar konpainiei. Alderdi horien ordezkaritza ere bertan izan zen, besteak beste, Jon Abril, Aralarreko koordinatzaileordea eta Lore Martinez, EAko Gipuzkoako koordinatzaile nagusia.
Goizetik gauera
Ikusmira pribilegiatua izan zuten gutxi batzuek udaletxeko balkoitik beheko ikuskizunaz gozatzeko. San Juan plazan bildu zen jendetzaren zati batek, berriz, ez zuen zorte hori izan, denbora luzea baitarama palazak obretan.
Horren ostean, ilaran aldendu ziren bertatik konpainiako kideak, martxa hastean zuten zoriontasun aurpegi berarekin. Alarde parekideko kide batzuk beste irudi sinboliko bat ere eskaini zuten, eskopeten muturrean arrosa bat baitzuten, ikuskizun militarrari bestelako kutsua eman nahian. Ospakizun honekin 1522ko ekainaren 30ean irabazitako bataila historikoa omentzen dute irundarrek. Oroigarri gisa XVI. mendean San Martzial ermita eraiki zuten, eta ermitara abiatu ziren alardeko kideak eguerdi partean sabela betetzeko asmoz.
Arratsaldean, desfilea egin zuten berriz. 17.30ean atera zen emakume eta gizonez osatutakoa; eta ordubetera, gizonek soilik osatutakoa.
Bidasoaldeko jende andana izan zen atzo Irungo egun handian. Herriko kaleetan festa gosez zen jendetza, haur, neska-mutil, gizon eta emakume, San Martzialak batera ospatzeko gogo biziz guztiak ere.
Emakundeko zuzendari Maria Silvestrek jaietan ere emakumeek eta gizonezkoek eskubide berberak izan behar dituztela esan zuen, eta euskal instituzioek berdintasun hori lortzeko beharrezkoak diren neurriak hartu behar dituztela.
Alardean parte hartu zuten herritar ugarik euskal preso politikoak gogoan izan zituzten. Presoen eta iheslarien etxeratzea exigitu zuten, eta ekitaldiaren argazkia ere atera zuten, «www.askatu.org»-en ikus daitekeena.