GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hainbat euskal preso politikok bizi dituzten egoera latzak salatu dituzte

Euskal preso politikoek espainiar nahiz frantziar estatuetako kartzeletan bizi dituzten egoera latzak salatu dituzte; baita Andoni Zengotitabengoak Portugaleko espetxean bizi duena ere. Jose Luis Campo berriz, gose greban dago Estatu frantsesetik kanporatu dezaketelako.

p015_f02.jpg

GARA |

Itziar Morenoren eta Ohiana Garmendiaren senideek bi euskal preso politikoek pairatzen duten egoera latza salatu dute. Itziar Moreno apirilean atxilotu zuten Estatu frantsesean eta Dijonen espetxeratu zuten. Hiru hilabeteren ostean eman zioten bisitak jasotzeko baimena lehen aldiz; hala, uztailaren 2an izan zuten Morenoren gurasoek alaba bisitatzeko lehen aukera. Senideek azaldu dutenez, bisita bikoitza eskatu zuen Morenok (bakoitza 45 minutukoa izaten da), eta onartu egin zioten. Aldiz, lehen 45 minutuak igaro ostean, bertan behera utzi zioten bisita bikoitza. Handik bi egunera izandako bisitan ere atzerapenak jasan zituzten gurasoek.

Ohiana Garmendiari dagokionez, «dituen eskubide gutxiak ere» urratu dizkiotela salatu dute senideek. Historiako ikasketekin jarraitzekoa, esaterako. Era berean, eguneko garbitasunerako ezinbesteko belaki, eskuoihal edo bainu batak ere ukatu egin dizkiote euskal presoari.

Senideek jakin dutenez, gainera, ekonomatuan oinarrizko elikagaien falta ere badute Dijonen; patata edo arrautzarik ere ez dute. Espetxean bizi duten egoera larria ikusita, are eta garrantzi handiagoa hartzen dute gabezia horiek senideen ustez.

Dijoneko espetxea

Dijoneko espetxera iristeko, 1.100 kilometro egin behar dituzte euskal presoen senideek. Kartzela bera, gainera, oso txiki eta zaharra da. Moreno eta Garmendia iritsi arte, denbora luzea zen euskal preso politikorik ez zela bertan.

Dijoneko kartzelako berezko baldintza gogorrez gain, euskal presoek jasaten duten jazarpena ere kontuan izan behar da. Ekainean, esaterako, zortzi egun igaro zituzten isolamenduan Moreno eta Garmendiak funtzionarioak barroteak konprobatzera joandakoan ziegatik irteteari uko egiteagatik.

Bestalde, amnistiaren aldeko mugimenduak jakinarazi duenez, Piccasent espetxean dagoen Ainhoa Mujika euskal preso politikoa bakartua dago azken bi hilabeteetan. Espetxe horretan dauden gainerako preso politikoek hainbat ekimen jarri dituzte martxan bakartzeen aurka.

Zengotitabengoa, Portugalen

Andoni Zengotitabengoari dagokionez, Portugaleko Monsanto espetxean dago, iaz Portugalen atxilotu zutenetik. Amnistiaren aldeko mugimenduak adierazi duenez, ordutik dituen bizi baldintzak oso latzak dira. Zengotitabengoa da bertan dagoen euskal preso politiko bakarra eta espetxeratu zutenetik bakartze egoeran dago. Egunean bi orduz soilik ateratzen da ziegatik eta bisitekin ere arazoak ditu, besteak beste, alaba biak urtean bitan soilik ikus ditzake. Espetxean dagoenetik, hiru gose greba burutu ditu, eta azkena joan den larunbatean hasi zuen. Egoera salatzeko martxa bat antolatu dute Elorriotik Monsantoko espetxera. Goizean, espetxearen kanpoaldean elkarretaratzea egingo dute eta bertan zuzendaritzarekin bilkura egiten saiatuko direla iragarri dute.

Azkenik, Jose Luis Campo preso politikoari dagokionez, asteartean bete zuen Estatu frantziarrean ezarri zioten zigorra, baina Tolosara (Okzitania) eraman zuten. Campo gose greban dago kanporatua izateko arriskua duelako. Hori ekiditeko, gose grebari ekin zion ekainaren 25ean, eta ordutik 11 kilo galdu ditu.

mobilizazioak

«Bateragune auzia» salatzeko 60 lagun batu ziren astelehenean Algortan. Asteartean, berriz, 100 lagun bildu ziren Bilbon eta 90 Astigarragan presoen eskubideen alde.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo