GARA > Idatzia > Kultura

Kate Motzean | Iñaki Antiguedad

«Urrun zein hurbil, hotz edo bero, lehor zein busti... baina hiri handitik kanpo oporrak»

p050_f03.jpg

Ahal bada, hondartzatik kanpo. «Saiatu egiten naiz hareak eguzkitan egoteko daukan berezko eskubidea ez zapaltzen», dio. Pribilegiatua sentitzen da oporren kontuarekin hainbatetan kanpoan ematen dituen «lanaldiek oporraldi puntu bat izaten dute» eta. Antartikan egindakoa esaterako ez dauka ahazteko.

Udak iradokitzen dizun hitza edo adjektiboa?

Argi zabala. Atseden malgua.

Eta usaina?

Belar moztu berriarena.

Klima aldatzen ari dela esan eta esan zabiltza ...

Ez dute hori zinez sinesten, bide beretik setati segitzen dute-eta, estrategikoaren estrategiaz. Ez dute ohiturarik arazoen muinari heltzeko, gusturago sentitzen dira azaletik... eta askotan erakarri egiten gaituzte.

Hondartzan ala mendian, MP3a edo irratia?

Mendian beti; hondartzan, harearik ez denean. Eta belarri-zuloak total libre beti! Mesedez! Belarrietan zer edo zer izatekotan, ezkoa nahiago.

Egunkaria ala liburua?

Albisteen harian izateko, konfiantzazko egunkari biak. Liburuak normalean atalka irakurtzen ditut, ez osorik, ikasteko beti ere, ez denbora-pasarako.

Oporretan, erabat deskonektatuta edo herrian zer gertatzen den zeharka begira egotea gustatzen zaizu?

Zuzenean edo zeharka, baina lotura izaten saiatzen naiz, nagoen lekuan nagoela ere; ezinezkoa bazait, ez dut ezinaren aurka egiten. Baina hori bai, belarri-zuloak beti libre.

Maleta handiarekin ala txikiarekin?

Etxean bueltan naizela beti egiten dut gogoeta bera: erabili dudan arroparako handiegia izan da maleta, erdia sartu bezala ateratzen dut-eta. Baina, beste alde batetik begiratuta, maletak ere bidaian ateratzeko eskubidea izan badu, ezta?

Argazki-makinekin dena gordetzen duena ala memoriaz fidatzen dena zara?

Memoriaz fidatzen naiz gehienez. Kontuak atera, batzuetan argazki-kamera hartu bai, baina bateriarik ez!

Egin duzun oporraldirik bereziena?

Nire kasuan, hainbatetan kanpoan ematen ditudan lanaldiek oporraldi puntu bat izaten dute. Hortaz, Antartikan eman nituen asteak bereziak izan ziren, baina izan dira horrelakoak ere beste leku askotan. Pribilegiatua naiz alde horretatik.

Egiteko duzun ametsetako oporraldia?

Hiri handietatik urrun izanda eta lanen bat egin behar izanez gero, ez dit ardura, ez non eta ez noiz ere. Urrun zein hurbil, hotz edo bero, lehor zein busti... baina hiri handitik kanpo.

Udan huts egiten ez duzun urteroko zita?

Baratzea.

Uda perfektu hura gogorarazten dizun kantua?

Perfektua? Kantua?.... ideiarik ez.

Irakurri eta erabat harrapatu zintuen liburua?

Ez dut holakorik gogoratzen. Biblia seguru ezetz. Irakurri, gauza asko, atalka, baina harrapatua sentitzeko moduan....

Euskal Herriko giro politikoa deskribatzeko erabiliko zenukeen fenomeno atmosferikoa?

Igarle eskasen azken boladako hitza erabilita, `tsunamia' esango nuke. Baina geologoa naizenez, lurrikara nahiago, gertaera atmosferikoa ez bada ere, astindu polita izan baita gurean, gerora erreplikak ekarri behar dituena. Epizentroa bertan, ezkerraren soroan. Politikako klimax-aldaketaren bidean. Eta gainera, energia berriztagarriak.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo