Kronika | Gernika itsasuntzitik
Gernika style
Uztailaren bosteko goiza atezuan eman genuen, Atenasetik zein berri iritsiko. Eguerdia aldera gure kideetako batzuk Espainiako Erresumaren Enbaxadara sartzea erdietsi zutela jakin genuelarik, bazkari berezia prestatzeari ekin genion, lehenagoko beste kronika batean esan bezala.
Edorta JIMENEZ | Idazlea
Esan ez dudana da goiza eztabaidan eman genuela, ispilu handi-handi bi dituen ontziko gunean, honez gero Ispiluen Aretoa izena duena. Horrela, nire burua haiena ikustean, ilea ebaki beharra sortu zitzaidan. Bada, Salva -Salvador Lacruz- lagunari galdetu nion berak zelan egiten duen ilea hain motx izateko. Makinatxoaz, baina hondaturik da. Horrexetan utzi genuen kontua. Nire itxurak ez zidan bakerik ematen ostera.Harik eta halako batean miraria gauzatu zen arte. Ustez hondatua zen makinatxoa erakutsi nahi izan zidan Salvak. Begira, duty free horietako batean merke erosia, horrexegatik hondatu da, beharbada. Klik egin zion pizteko agintailuari. Eta hara martxan makinatxoa. Miraria. Luzaz ala lipar batez iraungo zuenetz, ezin jakin. Ba oraintxe egingo dugu froga, esan nion. Txoparen kanpoaldean atxikia daukan plataforman aulkia ipini dugu. Motx-motx ebakitzeko eskatu diot. Ziur nagoen galdetu dit. Baietz nik. Eta lanaren erdian berriro hondatzen bada? Bost! Ekin egin dio ba.
Ileapaintzailearen eskuen mende jesartzea haginlariaren esanetara edo bestela psikologoaren galderetara kateaturik geratzearen parekoa da. Otzandu egiten da norbera. Horrelakoetan edozein aginduri egiten diogu tutik esan barik men. Hesi ia oro behera jausten da. Egizu honela, makur zaitez pittin bat, orain burua alde horretara, horrelaxe. Makinatxoak bere lana egiten du. Aurrera egin baino lehen zure buruan ispiluan ikusi nahi duzu? Ez. Ba honela ez zaude txarto. Ezetz ba, aurrera!
Valentziakoa da Salva. Ontziko beste katalan hiztunekin katalanez egiten du, beti irribartsu, haiekin bezala beste guztiokin. Ez dakit irria galtzeko zer beharko lukeen gizon gazte honek. Lana galtzea, adibidez? Egin ere, CEAR -Comisión Española de Ayuda al Refugiado- delako erakundean lan egiten du. Zeregin horretan urteetan zaildua, irria du agian bere eguneroko latzari aurre egiteko lehenengo urratsa. Honez gero gizona hemen egotearen arrazoia zertan eman ez dago. Mundu osoan Palestina da CEAR erakundeari R horri dagozkionetan gehien ematen dituztenetakoa. Ontzian berriz komunikazio sarearen ardura daroa.
Ez dakit makinatxoaren hotsak erakarri duen, hortxe da kapitaina. Guri bioi telefono aparailuaz argazkiak ateratzeari ekin dio, alai, pozik. Salvak kaskezurra zelan utzi didan, Ispiluen Aretora joan naiz. Itzuli naizenean horra kapitaina makinatxoaren mende, nahiz eta lehendik ere ilea motz ekarri. Motxago nahirik ala zeremonian sartu guran, bigarrena aukeran. Oharkabean hasi dugun jarduna horixe bilakatzen ari baita. Zeremonia. Taldearen barne trinkotasunaren hastapena. Izan ere horrela dela Willy Toledo agertu denean jakin dut ziurtasun osoz. Zertan dihardugun galdetu du, bere adats ederrean hazka eta hazka. Protesta ekintza al da hau. Gezurra esan genion. Bai! Ba protesta bada, neuk ilea moztu nahi dut.
Jesarri da Willy kondenatuen aulkian, hartu du makinatxoa Salvak eta ekitekotan direlarik horra hor Asun, kamera eskuetan. Ebakitzen hasi aurretik esan nahi, Willy? Bai. Ba egizu kameraren aurrean. Eta hortxe egin bere aldarria aktore ezagunak. Espainiako Erresumaren portaera salatu du, izen eta guzti, Saharako herriaren adiskide min eta aldezkari sutsuak. Bideoklipa youtube horretan erakusten den egunean benetako kolpea izango da. Oraingoz aurreratu ahal dudan bakarra, mohikano itxura hartu duela.
Adatsa Salvaren makinatxoari eman dion hurrengoa Asun -Asunción Martín- madrildarra izan da. Nora zoaz, Asun! Adats eder hori sakrifikatu behar al duzu? Eta baietz. Ontzian dokumentariak, bideklipak eta argazkiak egiteko etorri den emakume adoretsuak ozta-ozta leporaino du orain ile-adatsa. Eder lehen, ederrago orain, egin duen hurrengoa Free Palestine! kamiseta horietako bat gona bihurtzea izan da.
Oharkabean Gernika Style sortzen ari gara. Erresistentziarako eta biziraupenerako estiloa. Kronika edo dena delako honetako azken lerrook idatzi baino lehen bildurik izan gara. Gure estiloaren berri emango dugu, bai. Diruaren truke.
Orain eta hemen horixe behar baitu ekimen honek aurrera egiteko. Izango baita, izango denez, Askatasunaren III. Ontzidia. Laster. Bitartean gure kideetako batzuk, euskaldun bat tartean, Espainiako Erresumak Atenasen duen enbaxadan segitzen du. Gure estilo berriaren jakitun diren, ez diren, aupada, elkartasuna, euspena behar dute. Horretarako ez da dirurik behar, irakurleok.
Esker mila, aunitz esker.