GARA > Idatzia > Kultura

«Udaletxeak eraso sexistak ezkutatu egiten ditu beti eta hori onartezina da»

Zuriñe Altable | Bilgune Feministako kidea

Iruindar hau Bilgune Feministako kide izateaz gain, 699 68 76 87 telefono zenbakiaren arduradunetako bat da. Telefono hori Gora Iruñea! elkarteak jarri zuen martxan, eraso sexistak salatzeko eta salatzaileei laguntza emateko zerbitzua eskaintzeko asmoz.

p060_f02_100x100.jpg

Azken urteetan bezala, Gora Iruñea! elkarteak eraso sexistak salaketa zerbitzua jarri du martxan sanferminetan. Horri buruz hitz egiteko Bilgune Feministako kide Zuriñe Altablek kolektiboak jaietan Aldapa kalean duen lokalean harrera egin digu.

Noiz jaio zen zerbitzu hau? Nola?

Zerbitzu hau duela lau urte jarri genuen martxan eta duela hiru urte 699 68 76 87 telefonoarekin hasi ginen.

Gora Iruñea!-n, jai herrikoi, parekide eta euskaldunen aldeko plataforman, parekidetasunaren garrantziaz ohartu ginen eta eraso sexisten kontua ezinbestekotzat jo genuen. Hortik abiatuta, bi gauza egin genituen: eraso baten osteko protokoloa landu eta eraso sexisten ingurukok datuak argitu.

Zertan datza?

Salaketa egiteko telefonoa da, gertaeraren inguruko datuak hartzeko tresna, erasoa jasan dutenei zein ikusi dutenei eskaintzen zaien zerbitzua da. Gertatutakoa azaldu behar dute. Guk jarraitu beharreko urratsak azaltzen dizkiegu. Aurten ere gida bat banatu dugu. Behin datuak bildu eta aztertuta Udalari erantzukizuna eskatzen diogu.

Anonimoa al da?

Bai, baina salatzaileak laguntza eskatuz gero, nonbaitera joateko edo bestelako arreta jasotzeko, berarekin geratzen gara. Eskatzen ditugun datuak hauek dira: noiz gertatu den, non, adina... Datu hauek ahalik eta zehatzenak izan behar dute. Azken finean, ahalik eta datu gehien eta zehatzen eman behar dute. Zein mailako erasoa izan den jakitea garrantzitsua da. Izan ere, askok uste dute jipoirik edo bortxaketarik gertatu ez bada, ez dela erasoa, baina argi izan behar dugu ipurdia ukitzea edo lizunki hurbiltzea ere eraso sexistak direla. Guk behintzat erasotzat hartzen ditugu.

Bilgune Feministaz aparte, beste erakunderen batek parte hartzen al du?

Gora Iruñea!-ko partaide diren elkarte guztiek hartzen dute parte. Horien artean daude: auzoetako jai batzordeak, peñak eta herri mugimenduko hainbat eragile eta kolektibo.

Gora Iruñeaz kanpoko elkarteren batek parte hartzen al du?

Nik dakidala ez. Egia da beste elkarte, eragile eta kolektibo batzuek gure zerbitzuarekiko atxikimendua adierazi dutela eta jendeari telefono hau erabiltzera dei egiten diotela.

Instituzio publikoen parte hartzerik ba al dago?

Gure telefono zerbitzuan ez dute erakunde publikoek parte hartzen. Guk dei bat jasotzen dugunean aholkatzen dugu instituzioekin hitz egitea salaketa formala egiteko, baina ez dago elkarlanik.

Eraso sexisten aurrean eta salaketen aurrean nolakoa da instituzioen jarrera?

Udaletxeak horrelakoak ezkutatu egiten ditu beti, bai jaietan zehar bai jaien balorazioa egitean. Balorazio horretan inoiz ez da egiten eraso sexisten aipamenik. Urtean zehar ere ez da baloraziorik egiten. Hau onartezintzat jotzen dugu Bilgune Feministan. Guk erasoen berri daukagu epaiketak gertatzen direnean. Gertakari hauen inguruan estatistika bat egiten duen bakarra Berdintasunerako Nafarroako Institutua da, urtero argitaratzen duen txostenean.

Nola baloratuko zenuke zuen zerbitzu honen orain arteko erabilera?

Gero eta dei gehiago jasotzen ditugu; sozializatzen ari den zerbitzua da. Azken urteotan telefono zenbaki bera erabiltzeak jendearen inplikazioa bultzatu du. Gero eta jende gehiagok erabiltzen duen arren, ez da guztiz zabaldu eta gure helburua hori da, guztiek zerbitzuaren berri izatea eta behar izanez gero, hau erabiltzea.

Nola baloratuko zenuke zuen zerbitzu honen orain arteko erabilera?

Eraso pila bat gertatzen dira eta horiek salatu beharra dago. Hobe litzateke horrelako telefono bat existitu beharrik ez izatea, baina egoera honakoa izanda, jendeari dei egiten diogu gure zerbitzua erabiltzera. Eraso baten aurrean guztiok gara erantzule eta denona da horiei erantzuteko ardura. Jarrera aktiboa erakutsi behar dugu horrelakoetan: telefonora deituz, eraso dutena defendatuz, lagunduz edo laguntza eskainiz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo