Arabarrek ez dute horrelakorik merezi
Arabako Aldundian atzo jazotakoa larria izan zen, eta egungo klase politikoan indarrean dagoen ereduaren adierazgarria. Ezker Batuak PPri eman dio herrialde horretako gobernua, hain zuzen, Europako eskuinik muturrekoena ordezkatzen duen alderdiari. Horixe zen atzoko berri nagusia, behintzat horrela zegoen iragarrita, baina egunean zehar entzundakoak edonor lotsatzeko modukoak izan ziren.
Xabier Agirre ahaldun nagusi ohiak, aste hauetan izandako bileretan, EBren izenean hitz egiten zuten ordezkariek -Mikel Aranak atzo alderditik kanpo utzi zituen arren- hainbat afiliaturentzako karguak emateko eta 600.000 euroko kreditu bat bermatzeko eskatu zietela azaldu zuen. Salaketa larria da, eta esandakoa egia balitz, ardurak esparru politikotik haragokoak izango lirateke. EBko biltzarkideek ukatu egin zuten ordezkari jeltzaleei halakorik eskatu izana, baina auzia oso larria da, eskandalagarria. Bozketa berari ere eragiten dio polemikak, izan ere, arabar askok orain pentsa bailezakete zilegi dela galdetzea ea EAJk ukatu zuena ez ote duen PPk onartu. Eta zalantza horrek gobernu berriaren gainean itzal luzea zabal lezake. Ezker Batuko afiliatuek eta, oro har, Arabako biztanle guztiek egia jakitea merezi dute, eta noski, ardura guztiak, politikoak eta bestelakoak, onartu eta ordaindu beharko dira.