GARA > Idatzia > Euskal Herria

Udaltzainak udal langileak direla aldarrikatu zuen LAB sindikatuak Lekeition

LAB sindikatuko udaltzainek Lakuak aurkeztutako lege aurreproiektuaren aurka daudela aldarrikatu zuten atzo Lekeition. Udal langileak direla aldarrikatzeko egin zuten elkarretaratzea.

p019_f01.jpg

GARA | LEKEITIO

LAB sindikatuak deituta eta «Segurtasun Legeari ez! Udaltzainak udal langileak gara» lelopean, elkarretaratzea egin zuten atzo udaltzainek Lekeitioko udaletxearen atarian. Martxan den Segurtasun Lege berriak ezartzen duenaren aurrean, udaltzainak udal langileak direla aldarrikatu nahi izan zuten.

Lekeitioko udaletxearen ataria aukeratu zuen LABek, bertako Udalak Udaltzaingoa udal eraikinetara bueltatzea erabaki izana txalotu nahian. Izan ere, udaltzainak udal instalazioetatik Ertzaintzaren eraikinera joatera behartu zituen Lakuak, eta herriko Udalak, «udal autonomiaren defentsan eta Udaltzaingoa Barne Sailaren eta Ertzaintzaren menpeko bihurtu ez zedin», Udaltzaingoa udal eraikinetara bueltatzeko neurriak hartu zituen.

Joan den ekainaren 27an aurkeztu zituen Lakuako Gobernuko Herrizaingo sailburu Rodolfo Aresek Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko Legearen eta EAEko Poliziari Buruzko Legea Aldatzeko Legearen laugarren lege aurreproiektuak. LAB sindikatuak, duela hilabete batzuk eta lege proiektuaren berri izan zuen unetik egin zuen moduan, lege horien aurkako jarrera berretsi zuen.

Era berean, eta prentsa ohar baten bidez, lege horiek «Udaltzaingo eta Ertzaintzaren irudia bateratzeko asmo garbia» dutela salatu zuen atzo sindikatuak, beti ere Udaltzaingoa Lakuako Barne Sailaren eta Ertzaintzaren menpeko bihurtu nahi duela azalduz. Egitasmo hori Udal autonomia «zuzenki erasotzea» dela ere gaineratu zuten.

Era berean, hainbat alderdi politiko ere izan zituzten jomugan, EAJ eta PSE hain zuzen. EAJ 1992. urtean sortutako Euskal Polizia Lege berritu bat garatzeko lanean hasi zen, eta PSE «norabide berean eta harago» joan dela azaldu zuten; izan ere, aurreproiektu honek Segurtasun Publikoarekin loturiko zerbitzu guztiak (suhiltzaileak, anbulantziak, udaltzaingoak, babes zibila,...) Barne Sailaren kontrolpean jartzen dituela salatzen dute, eta LAB sindikatuko udaltzainen ustetan, herritarrei eskaini beharreko zerbitzuetan sakondu beharko lukete.

Gainera, lege horrek ertzainek udaltzaingoen egoitzetan sartzea ahalbidetuko luke, «udaltzaingoetako kidegoetan dauden langileen eta euren karrera profesionalaren kaltetan», sindikatuaren esanetan.

Beldurra eta kontrol politikoa

Beldurra eta kontrol politikoa areagotzeko hamaikagarren saiakera dela salatu zuen sindikatuak, Lakuako atal hori Barne Sailaren menpe utzi nahi dutelako eta udalen jardueran esku-sartze garbia delako.

Udaltzainen kolektiboa Herri Administrazioan lan egiten duten langileez osatua egonik, euren eginbehar eta eskubideak udaletan lanean diharduten gainerako langileek dituzten berberak direla adierazi zuten.

EREDUGARRI

LABeko udaltzainek Lekeitio hautatu zuten elkarretaratzea egiteko, hain zuzen, berriki Udalak hartutako erabakia txalotzeko asmoz. Udaltzainak Ertzaintzaren eraikinera joatera behartu zituen Lakuak, Udalak kontrako neurriak hartu zituen arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo