GARA > Idatzia > Kultura

EH Jaietan | Errota, Gasteiz

Badator Festa eta giro ederra auzora!

Gaurtik aurrera eta igandera arte, Errota Zahar auzoa jaietan izango da. Astelehenean, hala ere, adin guztietako jendearentzat prestatutako hainbat ekintza izan ziren, baina Errotako auzo elkarteko antolatzaileak astebururako utzi dituzte jaietako ekitaldi nagusiak. Ederto pasatzeko aukera ezin hobea dute, beraz, bertara hurbiltzen diren guztiek.

p056_f01.jpg

Leticia MELÓN | GASTEIZ

Hogei urte baino gehiago dira Errotako jaiak antolatzen hasi zirela. Errotako auzo elkarteko kideen, gazte asanbladakoen eta auzoko beste hainbat eragileren talde lanari esker, bizirik diraute jaiek.

Errota auzokoek Gasteizko Udalak jaietara zuzendutako diru laguntza apurrak jasotzen dituzte eta hori gehientsuenetan ez da nahikoa izaten egitarau erakargarri bat osatzeko. Hori dela-eta, ezinbestekoa da auzotar guztien partaidetza. Horixe da, hain zuzen ere, auzo honetako jaiak gainerako jaietatik bereizten dituena. Txiki Antia auzo elkarteko ordezkariak esaten duen bezala, «jai hauek auzotik auzorako eginak daude».

Aurtengo egitarauan, auzoan bizi diren magrebtarren eta, oro har, afrikarren elkarteek parte hartuko dute, Errota auzoan kultur aniztasun handia baitago. Horren adibide ona da joan den asteazkenean izan zen «Vente pa´Gasteiz Salima» izenburuko antzezlana, izan ere, kulturen arteko harremana zuen hizpide lanak.

Era berean, Errotako jaietan euskararen erabilera sustatzea da bertakoen beste helburuetako bat da. Orain dela sei urte inguru, Euskararen Eguna sortu zuten eta jendearen erantzun onak urtero egitera bultzatu zituen. Atzo bertan, euskararen inguruko zenbait jarduera egin zituzten auzoan. Urtero egiten den beste ekintzetako bertsoa afaria da, ia klasiko bihurtu dena. Hiru bertsolari aritzen dira; horien artean izan zen Ruben Sanchez bertsolari gasteiztarra, eta bertsotan egin nahi zuen orok horretarako aukera izan zuen.

Gaur hasiko da festa nagusia. 18.30etik aurrera izango da hori, eta, urteroko tradizioari eutsiz, «Errotarriaren» jaitsierarekin lehertuko da festa. Mairulegorretak, haitzuloetatik iritsitako saguzarrak, Santo Domingo plazan pregoia emateko agindua du. Handik ordu erdi ingurura, txokolate jana izango dute Kutxa plazara hurbiltzen diren guztiek.

Biharko egunari dagokionez, 12.00etatik aurrera, Gargantua, puzgarriak, musika eta herri kirolak izango dira Kutxa plazan haurrentzat; gaztetxoek aukera polita izango dute, hortaz, festaz gozatzeko. Helduei dagokienez, Patat-eroak izeneko sukaldaritza txapelketan parte hartzeko aukera izango dute. Lapiko artean ibiltzea baino barraren bestaldean egotea nahiago duenak, berriz, Kutxa plazako tabernetan izango du zintzurra bustitzeko aukera ederra, Kilkir fanfarrearen doinuak entzuten dituen bitartean.

Errotako jendeak bertakotzat du bere burua, izan ere, Gasteizko auzo zaharrenetarikoa da Errota. 500 urtetik gora ditu auzoak eta makina bat belaunaldiren arteko elkarbizitzaren lekuko izan da. Horrexegatik, Errotako bizilagunentzat, jaia antolatzea bera ondoko bizilagunarekin denbora gehiago pasatzeko aukera paregabea da.

Jai guztietan bezala, musika ere ez da faltako, antolatzaileek mota guztietako kontzertuak prestatu baitituzte, estilo guztietakoak denak ere. Gaur gauean, lehenik Xasta metal taldea arituko da bazterrak astintzen, eta gauerdia baino lehen, 23.30ean, Harresian Zulo taldearen doinuak entzun ahal izango dira, txalaparta eta alboka afrikar abeslari baten ahots ederrarekin nahasten dituena. Jai egitarau betea dute beraz Gasteizko auzo eder honetan, nahi duenak ederki pasatzeko osatutakoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo