Amets TXURRUKA | Euskaltel Euskadi taldeko txirrindularia
Atsegin ez dudan atsedena
Tourreko lehen atseden eguna. Tropelkide gehienak atseden egun honetaz disfrutatzen egongo diren bitartean, etxera bidean nator autobideko kilometroak aprobetxatuz zutabetxo hau idazten. Atseden eguna niretzako ere, baina ez nuen nik honelako atsedenik desio!
Itzuli handietan inoiz ez didate mesede handiegirik egin atseden egunek. Mesede bai, eskertzen da horrenbeste egun jarraian egurrean ibili ondoren, egun bat libre antzean edukitzea bizikletan paseotxo bat eginaz indarrak berreskuratzeko; baina egun hauetan gorputza nagitu, edo ez dakit, bada, zer gertatzen zaidan, hurrengo etapan oso gaizki sentitu ohi naiz.
Aurten ordea, egun honetako kezkarik handiena ez da izango biharamunean izango dudan hanketako mina, edo gorputza larregi puztu ez dadin zer jan eta edan zaintzea. Bilbora bidean naizen tarte honetan, buruan darabilkidan kezkarik handiena ospitalean begiratzen didatenean emango didaten erantzuna da. Haustura berezi xamarra dela dirudi (zoritxarrez, jada aditu bilakatzen ari naiz kontu hauetan), eta baloratu egin beharko dugu ebakuntza beharra duen ala ez.
Edonola ere, atsedena luzatu beharrean izango naiz, «dena eman eta kendu egiten duela» dioten lasterketa hori berriz ere etxeko telebistatik jarraitzera behartuta nago beste behin.
Tourrak badu zerbait berezia, egia esan, azken hiru urteetan zoritxarrez bertan behera utzi eta lesionaturik etxera itzuli behar izan badut ere, txirrindulari bezala naizen apurra berak eman dit eta urtero-urtero helburu nagusitzat bera dut, harrigarria bada ere.
Orain, aurrera begiratzea beste aukerarik ez zait geratzen eta medikuek ematen dizkidaten errekuperazio epeen arabera beste helburutxoren bat jarri beharko da. Bitartean saiatuko naiz taldekideen, Markelen eta gainerako lagunen bidez, geratzen diren etapetan gertatzen ari denaren jakinaren gainean egoten eta zuentzako txutxu-mutxuren bat ekartzen.