GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Erasoei behingoz amaiera eman behar zaie

Iragan asteburua benetan beltza izan da Iruñean emakumeen kontrako eraso matxistei dagokienez; atzo jakinarazi zutenez, 16 eta 22 urteko bi gazte bortxatuak izan baitziren. Emakumeen kontrako erasoak hamaika aldiz salatuak izanagatik, bere horretan jarraitzen duen errealitate gordina dela argi dago, eta horrek, ezinbestean, hausnarketa egitera bultzatu behar gaitu. Izan ere, duela egun gutxi matxismoaren bortizkeriak Hernanin eragindako heriotza baten berri izan genuen, eta hain ondorio larriak izan ez arren, egunero gertatzen dira tankera berdineko erasoak. Sanferminetan ere, urtero salatzen dira bortxaketa kasuak, eta Euskal Herriko gainontzeko hiri eta herrietan egoera ez da hobea. Eraso matxisten kontrako lana behar bezala ez dela egiten ondorioztatzera garamatza horrek guztiak, eta ardurak ezartzerako orduan, litekeena da inor ez libratzea. Izan ere, administrazioek neurri gehiago jarri behar dituztela egia da, baina hedabideek eta gizarteak oro har oraindik asko daukagu egiteko.

Atzo arratsaldean elkarretaratzea egin zuten hainbat lagunek jazotakoa salatzeko, beharrezko ekimena, noski. Baina mobilizazioez harago, errealitateak erakutsi digu eraso matxisten kontrako borroka uneoro eta leku guztietan egin behar dela, eta jarrera matxista guztiei, ahozkoak zein fisikoak, gogor aurre egin behar zaiela. Den-denei, bestela jai daukagu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo