GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

SOKATIRA Euskal Herriko Txapelketa

Gaztedik amaitu du Goiherri taldearen agintearekin

Laukizkoek 600 kilokoan lortu dute txapela, beren denboraldiko lehenengoa.

p027_f01_98x113.jpg

Jon LEUNDA

Gaztedi taldeak irabazi du 600 kilokoan txapela, pisu horretako ligaxkako azkeneko jardunaldia bereganatu ostean. Amaierako ekitaldia emozioz betetakoa izan zen, Gaztedi eta Goiherri puntuetan berdinduta heldu baitziren, eta saio erabakigarrian ere emozioa gainezka izan zen.

Ekinaldia hasi aitzinetik, uste nagusia zen Goiherriren eta Gaztediren arteko tiraldiak irabazten zituenak lortuko zuela txapela, eta azkenean horrela izan zen, baina usteak erdi ustel izan ziren. Izan ere, tiraldi erabakigarri horiek Gaztedik eraman zituen, biak ere tiraldi luzeak. Baina Gaztedik Mutrikurekin komeriak ikusi zituen; izan ere, tiraldi bat irabazi egin zieten mutrikuarrei, baina beste bat galdu, eta eskerrak batean gailendu ziren, bestela, Goiherrirekin kitarakoa jokatu beharra izango baitzuten, baina azkenean horren beharrik gabe lortu zuten nahi zuten txapela.

Erandioko taldeak, berriz, Gaztedirekin galdu zuen arren, gainerako tiraldi guztiak irabazi egin zituen, eta bigarren postua segurtatu zuen. Mutrikuk berriro ere lan bikaina egin zuen, baina ezin izan zuen hirugarren postua gainditu ez jardunaldian, ez sailkapen nagusian.

Laugarren posturako ere emozio handia iragartzen zen Getxo eta Goiherri B taldeen artean. Puntuetan berdinduta heltzen ziren, eta aurretik geratzen zenak lortuko zuen laugarren postua. Iragartzen zen moduan aurreko bi taldeekin galdu egin zuten, eta Gaztedi mistoa menderatu egin zuten. Elkarren arteko deman, berriz, Goiherri B izan zen nagusi, eta horrek laugarren postua eman zion.

Jadanik hiru pisu jokatu dira, eta Goiherri izan da orain arteko onena, bai 680 kilokoan, bai 640koan beraiek irabazi baitituzte, baina 600 kilokoan Gaztedik eraman du garaipena, eta oraindik badu Erandioko taldea berdintzeko parada.

Datorren astetik aurrera, 560 kilokoan lehia hasiko da, eta hau ere hiru jardunalditara izango da. Larunbatean estreinakoa Laukizen jokatuko da, eta Mutriku arituko ez denez, Gaztedi eta Goiherri dira faboritoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo