GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

HARRI-ZULATZEA Euskal Herriko Liga

Kabiezesen garaipenak pil-pilean jarri du sailkapeneko lehenengo postua

J.L.

Kabiezesek irabazi zuen herenegun Barakaldon jokatu zen Euskal Herriko Ligako jardunaldia, eta sailkapen nagusia estutu egin du. Orain Burdin Gazteak taldea doa lehenengo, baina puntu bakarreko aldea daukate herenegungo irabazleen aldean.

Txorierri taldeak parte hartu ez duen lehen saioa izan da, eta Kabiezesek lan bikaina egin zuen, 20 zulo pasarekin. Horren atzetik sailkatu zen Burdin Gazteak 19 zulo pasarekin, eta hirugarren geratu zen Errekatxo, 18 zulo eta 6,6 zentimetrorekin. Horiek eman zuten, gainera, ezusterik handiena. Atzetik sailkatu ziren Aldai Alde, Las Karreras eta KZ Kolpeka. Sailkapen nagusian Burdin Gazteak taldea dago lehenengo postuan, 28 punturekin, eta bigarren Kabiezes 27rekin.

Sanferminak

Iruñeko sanferminetako jaialdietan, Lesakan bizi den Xanta Sousa brasildarrak irabazi zuen emakumezkoen Nafarroako Txinga Txapelketa. 25 kilo esku bakoitzean hartu eta 26 plaza eta metro bat egin zituen. Haren atzetik sailkatu ziren Almandoz, Ariztegi eta Sorondo. Txapeldunak bigarrenari 14 plazaren aldea atera zion. Sanferminetako motozerra sariketan, berriz, Esteban Arruti gailendu zen.

Iruñean jaialdiek aurrera egingo dute, eta gaur 12.00etatik aurrera Foruen plazan mutilen txinga lehiaketa jokatuko da. Sukuntza eta Baraibar neurtuko dira 50 kiloko txingak esku banatan hartuta. Erakustaldiak ere egongo dira: aizkolariak izango dira, eta proba konbinatuak ere egingo dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo