GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Xanti Begiristain Madotz | Iruñea

Ziudadelako pasabidea

Kostua arrunt txikia izanen lukek, Ziudadelako hormetan egiten ari zaretenekin alderatuta.

Kaixo Enrique Maya! Zer moduz? Deus baino lehen, zorionak lortu duan postuagatik! Jarraituz, eta aspaldiko ezagunak garenez gero, bazekiat onartuko didaala hika egitea.

Era berean, bazekiat ez haizela haserretuko euskaraz egiteagatik, hor, udaletxean, itzultzaile profesional bikainak ditugulako, eta, gainera, ez diat ahazten Garraldako aitona (edo birraitona?) kutun bat euskalduna izan huela.

Baina, noan harira! Azken bolada honetan, bi aldiz zeharkatu diat Ziudadela Gaztelugibeletik Armada etorbidera, eta ikusi diat, azkenean, orain dela 20 bat urte oso gaizki egina zegoen arrapala, ongi egiten ari zaretela. Bazuan garaia!

Jende askok eskatu dik azken bi hamarkada hauetan, arrapala txar eta arriskutsu hura ongi egiteko, eta, orain, azkenik, iritsi zaiok bere denbora. Bejondeizuela! 2003 eta 2007 bitarteko agintaldian ere egin zituan lan garrantzitsuak Ziudadelan, eta nik behin baino gehiagotan eskatu nioan Jose Javier Lopez zinegotzi delegatu jaunari, arrapala hura konpontzeko, baina ez zuan modurik izan lortzeko. Dena den, hobe duk berandu inoiz ez baino. Beraz, zorionak Iruñeko Udalari!

Hala eta guztiz ere, eremu horrexetan bertan oraindik bazagok tarte bat oso txar eta desegokia dena, gizarte honetako jende multzo handi batentzat, alegia, Gaztelugibeletik Ziudadelara doan bide hori guztia, harrizkoa, Erdi Arokoa, oso lakatz eta zakarra. Bi lekutan, bi arrapala zital eta ezin arriskutsuago dizkik.

Harri tarteak porlanik gabe gelditu dituk leku askotan, eta, sinistu iezadak, handik barna gurpil aukian, makuluz edota bastoiz igarotzea torturatsua gertatzen duk; sinisten ez badidak, egin ezak proba nik adierazi diadan moduren batean.

Laburbilduz, esan litekek, pasabide hori oso desegokia dela; lekuz eta garaiz kanpo zagok.

Ulertzen diat, Ziudadelak zaindu beharreko historia eta arte balio bereziak dituela, eta bidexka horretan ere zerbait gorde beharko dela, baina, era berean ere, ulertzen diat lehentasuna pertsonek izan behar dutela gauzen aurrean, eta, tarte horretan, harrizko bidea mantendu nahi bada, ongi ikusten diat, beste bidexka paralelo bat lau eta leuna uzten baldin bada, Gaztelugibelean bere garaian egin zen bezalaxe.

Bazekiat, hik hire buru azkarrarekin ulertzen didaala.

Bukatzeko, uste diat orain aparteko aukera duzuela, eskatu diadana egiteko, aprobetxatuz makinak eta materialak bertan dituzuela.

Kostua arrunt txikia izanen lukek, Ziudadelako hormetan egiten ari zaretenekin alderatuta.

Ea, ba, animatzen zareten, eta, behingoz, pasabide hori ongi gelditzen den pertsona guztientzat.

Hartu besarkada bero bat eta sarri arte!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo