Daniel Dergik hasi duen gose greba amaieraraino eramateko hautua egin du
Askatasunak salatu du Daniel Dergiren atxiloketa erabat erabaki «politikoa» izan dela, eta Yolanda Molina abokatuak haren aurkako euroagindua aztertzeko saioa atzeratzeko eskatuko du gaur.
GARA | BAIONA
Atzo eman zuten prentsaurrekoan, Daniel Dergiren abokatuak adierazi zuen preso hartu zuten momentu berean hasi zuen gose greba amaieraraino eramateko hautua egin duela Dergik. Erabaki «politiko» baten aurrean gaudela adierazi zuten Askatasunekoek, eta egoerak merezi duen erantzuna ematera deitu zituzten herritarrak.
Yolanda Molina abokatuak gogorki salatu zuen Dergiren egoera. Aspaldiko gertakarien aitzakian gaur egun kontu eske etortzea «erabaki eta motibo politiko hutsa» dela adierazi zuen. Prentsaurrekoan azaldu zuenez, oso haserre eta gaizki dago Dergi, eta hasi berri duen gose greba amaieraraino eramateko hautua hartu duela jakinarazi zuen.
Era berean, Etxeratek ere presoaren eta haren familiaren egoera ere salatu nahi izan zuen. Eta prentsaurrekoa baliatu zuen Fleury-ko espetxean pasa berri den gertaera bat salatzeko. Etxeraten esanetan, duela egun gutxi Gotzon Alkalde euskal presoa jipoitu egin zuten.
Askatasunak nabarmendu zuen, behin eta berriro, beste atxiloketa politiko bat dela honako hau, eta guztia «muntaia» bat dela ohartarazi zuen. «Euroaginduaren aurkako dinamikan sartzen dugu atxiloketa eta egoerak merezi duen erantzuna ematera deitzen ditugu herritarrak», gaineratu zuten errepresioaren aurkako antolakundeko kideek. Estatu frantsesaren jarrera orokorra salatu zuten, bai presondegietan daukan jarreragatik, baita kalean euskal militanteen aurka duen dinamikagatik ere. «Ez ditugu horrelako jarrerak onartzen eta onartzen dugun jarrera bakarra prozesu demokratikora bideratzen dena da, hau da, eskubide guztien aitortzan oinarritua dagoena».
Hori dela eta, gaur goizean Agen-eko epaitegira gerturatzea eskatu zuten, Dergiri babesa emate aldera. Horrez gain, hilaren 16an, larunbata, Baionan egingo den manifestazioan ere parte hartzeko eskatu zuten. Gogorarazi nahi izan zuten Dergik bizitza normal bat egiten zuela eta ez zeukala ezer ezkutatzeko. Hainbat iheslarik ere hartu zuten parte prentsaurrekoan.
Kanpaldia Maulen
Era berean, Aurore Martin ezker abertzaleko militantearen aurkako euroagindua salatzeko asmoz, atzo hasi eta bihar arte iraungo duen kanpaldi bat antolatu dute Maulen. Euroaginduaren aurka egiteko sortu berri den kolektibo batek egin du deialdia.
Adierazi dutenez, ez dute nahi ikusi Martin arrazoi politikoak tarteko espainolen eskuetan. Kanpaldiak Aurore Martinen egoerari buruz informatzea du helburu, aplikazioak politikan eta Martinen bizitzan hondamendia ekarriko duela salatu baitute kolektibokoek.
Kolektiboak zuberotar guztiak gonbidatu ditu kanpalditik pasatzera, euren esanetan, «informazio eta harreman gune bat da-eta». Era berean, Zuberoako hautetsiak, arduradun politiko eta sindikalak... nahi ditu batu gaur egingo den giza katean parte har dezaten.
Yolanda Molina abokatu eta Askatasuneko ordezkarien esanetan, Daniel Dergiren aurka hartutako neurriak «erabaki politiko» baten ondorio dira.
«Euroaginduaren aurkako dinamikan sartzen dugu atxiloketa, eta egoerak merezi duen erantzuna ematera deitu ditugu herritarra», adierazi zuen Askatasunak.