«Partidak jokatu eta maila ona ematea izango da oraingo helburua»
Pilotaria
Amaitu du Kepa Peñagarikanok Asegarcerekin egin beharreko lana, eta orain Asperekin ekingo dio. Denek Garfera joango zela uste zutenean, Aspek deitu zion, eta ez zuen zalantzarik izan. Beizamako atzelaria pilotarekin uztartzeko lantxoren bat bilatu beharko zuela pentsatzen hasita zegoen, baina aukera berri hau heldu zaio, eta horretaz baliatu nahi du orain.
Jon LEUNDA
Kepa Peñagarikanok bide berri bati ekingo dio igandean, Zarautzen, bertan jokatuko baitu lehen partida Aspe enpresarekin. Hamar urtetan Asegarcen aritu ostean, elastikoa aldatuko du datorren asteburutik aurrera, beste bi urtez.
Mutiko baten ilusioarekin egongo zara bide berri honi ekiteko ezta?
Dudarik gabe. Jadanik ideia eginda neukan pilotatik bakarrik ez nintzela biziko, eta lantxo bat bilatzearekin pentsatzen ari nintzen, baina Asperen eskaintza etorri da azkeneko unean, eta oso gustura eta ilusio handiarekin nago.
Ze helburu jartzen dituzu?
Ez dut helburu handiegirik jarri nahi. Partidak jokatu, eta ahalik eta mailarik onena eman. Horrek izan behar du lehentasuna.
Uda on batek Binakako Txapelketako ateak zabaldu ditzake. Horrekin pentsatu duzu?
Ez, lasai joan nahi dut. Egia da uda garrantzitsua dela, baina jadanik badira urte batzuk maila nagusiko binakakorik jokatu ez dudala, eta ez dut neure burua horrekin presionatu nahi. Partidaz partida joan nahi dut, enpresak nigan konfiantza jarri du, eta maila ona emanez erantzun nahi diet nik.
Oso azkar heldu zinen gora, baina gero horri ezin izan diozu eutsi. Zer gertatu zaizu?
Askotan esaten da gora iristea baino zailagoa dela hor mantentzea, eta ni ez naiz gai izan. Hor goian mantentzeko erregularra izan behar da, eta hori falta izan zait. Urte on horien ostean boladak izan ditut. Izan dut bat oso ona eta gero kontrakoa. Orain beste aukera bat daukat, horretaz baliatzen saiatu behar dut.
Asegarceko ibilbidearen inguruan zer-nolako balantzea egingo zenuke?
Ona esango nuke. Hamar urte pasa ditut han, eta garbi dago hori lortzea ez dela oso erraza. Agian, gora heldu eta han mantendu ezin izanak ematen dit pena pixka bat, baina orokorrean gustura geratu naiz. Orain beste bide bat hasten da, entrenamendua apur bat aldatzen da, kideak aldatzen dira; uste dut hori ere ongi etorriko zaidala, eta bultzada bat izan daiteke hori ere.
Igandeko estreinari begira hasi al zara entrenatzen?
Bai. Jadanik egin ditut Asperekin entrenamendu batzuk eta oso gustura nago. Lan egiteko era apur bat aldatzen da, eta gustatu zait. Gero, pilotariak beste enpresakoak izan arren ezagunak gara, eta beti izan dut haiekin ere harreman ona.
Pasa den astean Garferekin jokatu zenuen partida bat. Horrelako besterik izango al da?
Ez, ez. Asperen eskaintza jaso aurretik lotuta neukan norgehiagoka hori. Gero, hori jokatzeko baimena eskatu nion enpresari, eta ez zidaten arazorik jarri eta jokatu ahal izan nuen. Igandean, ordea, enpresa berriarekin hasiko naiz jokatzen, eta hemendik aurrera, datozen bi urteetan, haiekin arituko naiz, hor bakarrik izan behar dut burua.