Informazioa, kontsumo arduratsua lortzeko giltza
Aldatuz doa, droga kontsumoa ere gizarte joerei helduta baitoa. Bizia elkarteak gertutik jarraitzen ditu aldaketak. «Droga kontsumoaren globalizazioa» aipatzen du Arkaitz Aguerretxe neuropsikologoak, «aisiari lotutako edozein tokitan topatzen dira». Menpekotasunaren urrezko-erregelaz ere mintzo da: «Zenbat eta azkarrago eta laburragoa izan eragina, orduan eta handiago menpekotasun arriskua».
Maider EIZMENDI | BAIONA
Urte osoan egiten dute lan drogen menpekotasunari helduta; arazoak dituzten pertsonak artatu eta drogen inguruko informazioa eskuragarri egiten. Uda ere lan sasoia dute han eta hemen ospatzen diren jaietan egoten baitira drogen testing-ak egiteko.
Azken urteetan drogen kontsumoari helduta izan den aldaketarik handiena, «haien globalizazioa edo `demokratizazioa'» dela uste du. «90eko hamarkadan esaten zen extasia eta kokaina, esaterako, `ruta del bacalao' deitzen zen giroan, techno musikarekin lotutakoan, kontsumitzen zirela; egun, aisiari lotutako edozein gunetan topa daitezke», azaldu du Bizia elkarteko Arkaitz Aguerretxe Colina neuropsikologoak. Aditua da menpekotasunetan eta gaiari lotutako makina bat nazioarteko kongresutan parte hartu du.
Drogen kontsumoan sakondu aurretik, alkoholaz eta tabakoaz ohartarazi du. «Jendeak ahaztu egiten du alkohola eta tabakoa drogak direla, baina tabakoa da droga guztien artean adiktiboena; eta alkohola berriz, substantzia neurotoxikoenetakoa», argitu nahi izan du. Zenbakiak aipatu ditu gainera: «Bi substantzia hauek Estatu frantsesean urtero 100.000 lagunen heriotzaren atzean daude; droga gaindosiak eragindako heriotzak 100 inguru dira».
Hiru sail handitan bereizi ditu egun merkatuan dauden drogak. Estimulatzaileetan kokaina, anfetaminak eta extasia aipatu ditu; depresoreetan, alkohola eta heroina, kodeina eta morfina bezalako opiazeoak; eta aurreko bi taldeetan sartzen ez diren perturbadoreetan sailkatu ditu cannabisa eta haluzinazioa eragiten duten LSD, perretxiko eta droga sintetiko batzuk.
Alkohola, tabakoa eta cannabisa kenduta, estimulatzaileak dira Aguerretxeren esanetan, gehien atzematen dituztenak: anfetaminak, extasia eta kokaina. «Duela urte batzuk goren zegoen extasia, baina azken urteetan behera egin du horren kontsumoak; aldean, anfetaminena eta kokainarena handitu egin da», azaldu du.
Etorkizuneko joerak ere aipatu ditu: «AEBetan, Kanadan eta Mexikon arazoak dituzte metaanfetaminarekin -`pobreen anfetamina' ere deitua, fabrikazio merkea du eta merke saltzen da-; kontua da neurotoxizitate handia duela eta menpekotasun joera handia», azaldu du. Azaldu duenez, Europan oraindik ez da arazo handirik sumatu droga honekin, «baina etor litekeena azaldu dezake joera horrek».
Heroinaren kontsumoa 90eko hamarkadan asko murriztu bazen ere, azken hiru edo lau urteetan kontsumoa asko hazi dela azaldu du. «Jendeak estimulatzaileak hartzen ditu eta opiazeoak baliatzen ditu, beheraldia ez dadin horren handia izan; kontua da gero adikzioa eragin dezaketela». Hala, heroina kontsumitzen duten pertsonen batez besteko adina murriztu dela nabarmendu du. «Orain hogeita gutxi urte dituzten gazteak etortzen dira substantzia honekin arazoak dituztelako».
Modak joera hauetan eragina duela iritzi dio, baina baita substantzia bakoitzak duen prezioak ere. «Duela ez hainbeste urte kokainaren prezioa garestia zen, orain asko merkatu da». Horren harira, duela zortzi urte-edo Ipar Euskal Herriko hondartzetara iritsitako kokaina potoak gogora ekarri ditu. «Sekula ez zen jakin droga haren jatorria; esaten zen jendeak proba zezan bidali zutela edo ontzi batek askatu zuela Polizia ikusitakoan; kontua da jende asko egoten zen hondartzara baina ez zela heldu». Gertaera haren ondotik kokainaren prezioak aldaketa izan zuen: «Duela 15 urte kokaina gramoak 160 euro balio zituen, droga poteak iritsi ondorenean prezioa 30 euroan ere egon zen. Egun 60 eta 80 euroan dago, berriz». Prezioak kontsumoan bai, baina batez ere, drogak «probatzeko» garaian duela eragina uste du: «Inoiz probatu ez dituen batentzat errazagoa da egitea horren prezioa merkea bada eta gertu badu, egun leku guztietan topatzen da; gero jarraituko du kontsumitzen edo ez».
Menpekotasunari helduta, arlo honetan lan egiten duten adituen «urrezko-erregela» aipatu du: «Zenbat eta azkarragoa eta laburragoa izan drogaren eragina, orduan eta handiagoa da honek eragin dezakeen menpekotasuna». Adinari lotutako gakoak ere badira; izan ere, adituek diote kontsumoa zenbat eta gazteago abiatu orduan eta handiago dela adikzioa garatzeko arriskua eta handiagoak, halaber, eragin ditzakeen arazo psikologiko eta fisikoak.
Substantzia bakoitza kontsumitzeko bideari buruz ere hitz egin du. Lau modu bereizi ditu: erreta, esnifatua, ahotik edota injektatua. «Eragin azkarrena erreta lortzen da; beraz, hori da adikzio maila handiena sortzen duen bidea». Gai honen inguruan, baina, bestelako oharrik ere eman nahi izan du Aguerretxek. Jakina da, injekzio materiala partekatzeak hiesaren eta hepatitisaren birusak transmititzeko arriskua dakarrela berarekin, eta horrexegatik, hain zuzen, egiten dira xiringen aldaketak. «Eurak erabilitakoak ekartzen dizkigute, eta guk erabili gabeak ematen dizkiegu; modu horretan, transmisio arriskua murrizteaz gainera, kalean erabilitako xiringak egotea eragozten dugu», azaldu du. Arrisku hau jendeak ezagutzen badu ere, Aguerretxeren esanetan, oro har, ez da jakina esnifatzeko erabiltzen diren lastotxoek ere badakartela arriskurik: «Lastoa batak besteari pasatzeak kutsatzeko arrisku berdinak dakar; baina hori jende gutxik daki». Arrazoi horregatik, hain zuzen, jaietan jartzen dituzten informazio postuetan, erabili eta botatzen diren lastoak eskaintzen dizkiete jendeari eta halakoak berrerabiltzeak dakartzan arriskuez ohartarazten diete.
Eskola eta lizeoetan izaten dira urtean zehar droga kontsumoaren prebentzio lanetan sakontzeko. Azkenaldian, gainera, elkarlanean ari dira Errioxako Gobernuarekin, Aragoikoarekin eta Kataluniakoarekin. «Teknologia berriak eta informazioa elkartu ditugu jende gazteari mezu eraginkorrak iritsarazteko», azaldu du. Hala, www.drojnet.eu orrian informazioa jarri dute eta wifi bidez zenbait gunetan sms-ak bidaltzen dituzte. «Helburua beti informazioa eskura jartzea da, informazioa delako kontsumo arduratsua bultzatu eta menpekotasuna saihesteko baliabiderik egokiena».
Jai eremuak «gune pribilegiatuak» dira eurentzat droga kontsumitzen duen jendearekin aurrez aurre egoteko aukera ematen baitiete. Eskoletan egiten dituzte, batez ere, prebentzio lanak; jai giroan, berriz, arrisku murrizketa ekintzak. Inguratzen zaien jendeari esku orriak, droga kontsumitzeko baliabideak (xiringak, esnifatzeko materiala...), kondoiak, gelak... ematen dizkiete. «Estimulatzaileak kontsumituta neskei mukosak lehortu egiten zaizkie eta harreman sexualak badituzte mina sentitzen dute eta kondoia apurtzeko ere arriskua handiagoa da», azaldu du.