GARA > Idatzia > Kultura

Big Festival tentagarria: dena prest da Biarritzen, jaialdi eklektiko handirako

Pop, rock, electro edota house estiloak nahasiko dira, berritasunak eta jada ibilbide bat egina duten taldeak. Hori dena prezio eskuragarrietan -ikasleentzat sarrera bereziak izanen dira eta dohaineko emanaldiak ere bai-, mota guztietako publikoarentzat erakargarri izateko. Mobyk eta Amaralek joko dute, bertzeak bertze, uztailaren 20 eta 23 artean Biarritzen.

Maider IANTZI | BIARRITZ

Moby, Amaral, Alpha Blondy eta Asian Dub Foundation izanen dira heldu den astean Biarritzeko Big Festival jaialdian gozagarri. Baita Irlandan, Britainia Handian zein Estatu frantsesean arrakasta lortzen ari diren Metronomy eta We are Standard ere. Besta antolatzen dabilen Get In taldeko Anne Vadillok atzoko aurkezpenean adierazi zuenez, merkatuan hain zabalduta ez dauden, baina tentagarriak diren proposamenak ezagutarazi nahi dituzte.

Musika Donostiaren eta Biarritzen arteko lokarri izatea nahi dute, urtez urte Ipar eta Hego Euskal Herria gero eta gehiago elkartzea. Horretarako, garraio azpiegiturak hobetzea gustatuko litzaieke, jende gehiago animatu dadin Biarritzeko besta giroa ezagutzera. «Gainera, hizkuntza komun bat daukagu, euskara, Biarritzen gero eta leku gehiago daukana», eta hori ere nabaritzea desio dute.

Hiru agertokitan gorpuztuko da dena. Alde batetik, Le Village Big dago (Le Côte des Basques). Bertan, jatetxeak, dendak, merkatu txikiak, surfeko klaseak, DJ-ak... izanen dira. Eta egunero, 19.00etatik 21.00etara, ezusteko kontzertu bat doan.

19.00etan hasiko dira ordaindutako kontzertuak, bertze bi guneetan, Atabalen eta Halle d'Iratyn. Atabal Biarritzeko Udalak antolatutako arte eta ikuskizun zentroa da, eta bertan sortzeko, entseatzeko eta grabatzeko aukera izaten dute gazteek. Halle d'Iraty iaz estreinatu zuten Big Festivalen. Ia bost mila pertsonarentzako lekua du, kalitate ikaragarriarekin, eta Vadilloren ustez, ezusteko ederra izanen da jendearentzat.

Gozatzeko gogoa

Bukatzeko, kontzertuen ondotik norbait oraindik besta gosez gelditzen bada, DJ entzutetsuak izanen dira, argitu arte parrandan segitzeko.

«Tentagarria dela uste dut. Gaztea, oso alternatiboa eta gustu guztietarakoa», laburbildu du Get In-eko ordezkariak. Larunbata, adibidez, aproposa izan daiteke reggaezaleentzat. Tarrus Riley, Alpha Blondy, Asian Dub Foundation eta La Fouine taldeek berotuko dute giroa Halle d'Iratyn. Atabalen, berriz, We are Standardek eta Grandmaster Flashek joko dute elkarrekin, eta Vadillok erran bezala, ikuskizun eklektikoa emanen dute.

Horixe da, bere iritziz, jaialdi hau hobekien deskriba dezakeen hitza, eklektikoa, eta denek gozatzeko eta Biarritz besta erraldoi bihurtzeko gogoa. Uztailaren 20an, asteazkenean, ekingo dio jaialdiak bideari, Halle d'Iraty gunean izanen diren kontzertu handiekin. 19.00etatik gauerdira The Inspector Cluzo, Amaral, Catherine Ringer eta Moby igoko dira oholtzara. Atabalen, aldiz, 21.30ean, Housse De Racket eta Outlines. Atabal Disco Cluben luzatuko da jaia, Mehdi DJ-arekin, Busy P-rekin eta Gesaffelstein-ekin.

Hurrengo egunean, ostegunean, Big Village guneko ikuskizunez gozatzen ahalko da doan, eguerditik aitzinera. Bazar/ Cantine, Little Big, Big Showcase & DJs, Big Surf Academy eta Bazarette Fooding arituko dira giroa animatzen.

Halle d'Iratyn eta Atabalen ere ez da bestarik faltako. Lehenbizikoan Brigitte, Stromae, Selah Sue, Two Door Cinema Club eta Metronomyrekin; bigarrenean, Admiral T, Dragon Davy eta Daddy Moryrekin.

Hala, doinuz doinu, ezustez ezuste iraganen dira Biarritzen lau egun, igandean bestari bukaera eman arte. Parte hartu nahi dutenek Lapurdiko herria bisitatu bertzerik ez dute egin behar, eta sarrerak eskuratzea hagitz erraza da jaialdiaren webgunean, http://www.bigfest.fr-en. Donostiako Fnacen eta Irungo Carrefourren ere eros daitezke txartelak, bertze salmenta leku batzuen artean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo