GARA > Idatzia > Kultura

Joxemari Carrere Ipuin kontalaria

Udako ipuin epelak


Behin, lagun kontalari batzuk deitu zituzten bikoteen trukaketak bideratzen zituen taberna batera. Jabeari bururatu zitzaion interesgarria izango zela tabernan ipuin erotikoak kontatzea, giroa berotzeko, edo auskalo zer. Lagunek zalantza izan zuten, baina halako esperientzia pasatzen uztea ere... Baiezkoa eman eta hantxe agertu ziren, ipuin erotikoak eta halakoak kontatzeko asmoz. «Eta zer moduz? -galdetu nien. Bitxia kristorena. Arazoa zen inork ez zigula kasurik egiten. Erdi ilunpe batean bikoteak han eta hemen sofetan sakabanaturik, telebistetan bideo pornoak eta gu han ipuin, ustez, erotikoak kontatzen». Behin edo bitan gehiago joan ziren baina azkenean utzi egin zioten joateari, ahoz ahoko komunikazio beste bidezidorretatik baitzihoan leku hartan.

Ipuin erotikoak kontatzea eskatzen didatenean, egia esan ez dut jakiten zer demontre egin behar dudan. Ipuin erotikoak? Zeintzuk dira horiek? Haragiaren faboreak azaltzen dituztenak, ala uda beroaren izerdi tantak gorputz azaletik behera irristarazten dituztenak? Agian, orain uda giro honetan garai ona izango da horretaz ikasteko. Zentzu guztiak zabalik eduki zein istorio gertatzen diren atzemateko. Ipuinak kontatzea ez baita bakarrik istorio eder, epel, gozo, kitzikagarri eta haragitsuak eskaintzea; bada ere sumatzea bizi dugun mundua zertan ari den, jendeak nola mintzatzen diren, nola begiratzen duten, nola gerturatu; arnasaren sakontasuna noiz entzuten den. Erotikotasuna ez dago, segur aski, ipuinetan, mundua eta besteak nola begiratzen dugun unean baizik. Eta hori nik, barkatu, baina ezin dut kontatu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo