GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Herria turisten begietatik

Han eta hemen ikus daitezke. Askori urrunetik atzematen zaie; beste batzuei, ez. Argazki makinak salatzen ditu asko; eguraldirik kaskarrena eginda ere sandaliak jantzita ibiltzeak, berriz, beste asko. Gure txoko eta bazterrak bisitatzen dituzten turistak dira; urrunagotik edo gertuxeagotik iritsi, eta Euskal Herriari begiak zabal-zabal begiratzen diote, eta begirada horrekin nolabait guri ere begiak zabaltzen dizkigute.

Itziarretik Debarako bidean nindoala han ikusi nituen argazki kamera hartuta begiratokietako batean harrituta, txundituta, itsasoaren mugimenduari begira. Klik, klik, klik… Bai, oporretan kanpora irten eta ni aritzen naizen modu berean, begiak zabalik aurrean jartzen zaizkidan txokoei arreta jarrita eta kamera astindu eta astindu. Argazkian gordetzen dudan irudi bakoitzeko parajea akaso inoiz berriz ere ikusiko ez dudala pentsatzeak sortzen didan sentsazio berezi horrekin; larri horrek lekua bera ere ederrago egiten duela sinetsita nago.

Turistak bertan ikusteak tokian bertan erreparatzera behartu ninduen. «Argazkiak ateratzeko moduko txokoa da, bai», pentsatu nuen nire artean, aurrera nindoala. Haiek ordea, nik sekula ikusi ez dudan irudia ikusi zuten seguru asko, handik makina bat alditan pasatu arren, ez naiz-eta inoiz gelditu begiratoki horietako batean.

Horregatik kanpotarren bisitak jasotzea gustatzen zait, etxeari beste modu batean begiratzen eta hura estimatzen laguntzen digutelako. Haiek iristen direnean bazterrak erakusteko obligazioa sentitzen dugu ia, eta han non joaten garen apenas erreparatu dugun tokietara; batzuk eguneroko zaizkigulako eta beste batzuk, onartu beharra dago, ezagutu ere egiten ez ditugulako ia. Txokoetako bakoitzaren inguruan haien ahotik entzundako laudorioek areagotu egiten dute ondoan gaudenon inozo sentsazioa. Nola esan miresten ari den toki hori apenas ezagutzen duzula etxetik kilometro gutxi batzuetara baduzu ere? Klik, klik, klik… ari da bitartean kanpotarra, seguruenik leku hori akaso sekula berriz ere ikusiko ez duela pentsatzeak sortzen duen lilurarekin, hura ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo