GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Irati Epelde Pagola | Gurekin Jai batzordeko kidea

Pelaio, balorazioa eta aio!

Igaro dira aste batzuk sanpelaioak amaitu zirenetik. Gogoetaren ondoren, geure iritzia helarazi nahi diegu herritarrei Gurekin Jaiko kideok.

Aurtengo jaiak, oro har, oso ondo joan dira. Jendetza ibili da malekoiko txosnetan, eta zenbait ekintzetako parte-hartzea ere gorantz doa urtetik urtera. Horrek kontu bat argi erakusten du: herriko gazte zein helduek babesa erakutsi diote Gurekin Jairi; baina ikusle izatetik parte-hartzaile izatera ari da pasatzen jendea. Gero eta zabalagoa den festa eredua fruituak ematen ari da, eta horrek ikaragarri pozten gaitu. Badira, ordea, barruko amorruak dantzarazten dizkiguten zenbait kontu. Aurten ere Ertzaintza behin baino gehiagotan saiatu da festa giroa zapuzten eta liskarra sortzen. Presoen argazkiak aitzakiatzat hartuta txosnetan tentsioa sortu nahi izan dute: antolatzaileei deituta, kalean zihoazen gazteak identifikatuta...

Eta horren aurrean, aho-bizarrik gabe esango dugu: alde hemendik! Ez dugu nahi poliziarik txosnetan.

Beste eraso bat ere jasan behar izan dugu aurten. Festak amaitu ziren gauean, txosnak hutsik gelditu zirenean, ezezagun batzuek gure patchwork koloretsua hautsi eta txikitu egin zuten. Eta pixa egin zioten gainera. Albiste tamalgarri hori jakin genuenean krak! egin zigun bihotzak. Izan ere, ez digute txosna batzordeoi soilik egin min. Ez. Eraso horrekin minduta gelditu dira zatiz zati eta adabakiz adabaki oihal koloretsu hura josi zuten herritar guztiak, baita herriko eragile denak ere. Aurten elkarrekin herrigintza josteko apustua egin genuen, eta bistan dago batzuei ez zaiela batere gustatu. Ba ez dakite ondo nortzuk garen. Gure erantzuna lehengo bidetik: Elkarlan, auzolan eta herrigintza gehiago. Herritarrak bateratzen jarraituko dugu. Irudimena astinduz erantzungo diegu.

Azkenik, bizilagunei eskerrak eman nahi dizkiegu erakutsi duten pazientzia eta jarreragatik.

Euskal Jaietarako indarrak biltzen jarraituko dugu. Hasi pololo eta abarkei hautsak kentzen!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo