GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Echo Ibarreko herri kirolariak eskualdetik kanpo ere ari dira beren lanak zabaltzen

Aizkoran, trontzan eta motozerran, horretan aritzen dira Echo ibarreko herri kirolariak. Hasiera batean sei ziren, eta orain lau geratzen dira, baina 12 urteko mutiko bat ere ari da ikasten, eta gerora begira baikor daude. Txapelketarik ez daukate, eta erakustaldiak egiten dituzte.

p036_f01_250x140.jpg

Jon LEUNDA

Euskal Herritik kanpo ere herri kirolek badute indarrik, batez ere egur lanek, eta horietako batzuk Huescan daude, geure mugetatik gertu, Echo ibarrekoak baitira lanean aritzen direnak. Hasiera batean sei mutil ziren, eta egun, lau geratzen dira, baina ilusioz eta gogoz dabiltza herriz herri beren lanak erakusten. «Aizkora, trontza eta motozerra egiten ditugu. Aizkoran, erreminta berezi batzuk, gure eskualdean ibiltzen zituztenak ere erabiltzen ditugu jendeak ikus ditzan. Gero, aizkoran betiko eran egiten dugu, eta trontzan ere bai. Motozerrarekin Timber Sporteko probaren bat edo beste egiten ditugu, baita irudiak ere», azaldu digu David Brunek, taldeko kideak.

Guztiak ere bailara berekoak dira, eta beti batera egiten dituzte erakustaldiak. Aurrekontuaren arabera mugitzen dira, eta leku askotan ibiltzen dira, gainera.

«Aragoiko hiru eskualdeetan saio asko egiten ditugu. Gero, Bearnon ere dezente, eta deitzen diguten leku guztietara joateko prest gaude. Euskal Herritik noiz edo noiz deitzen digute. Azken batean, hor daude onenak, eta normala da asko ez deitzea. Deitzen digutenean gauza ezberdin bat ikusi nahi dutelako izaten da», esan du Davidek.

Beraien erakustaldietako bereizgarrietako bat bertako aizkora da, halakoak ere erabiltzen baitituzte saioetan: «Aizkora horiek ez daukate besteekin zerikusirik. Lehen, gure aurrekoek mendian enbor handiak mozteko erabiltzen zituzten, enborraren bihotzera heltzeko. Aizkora oso finak dira, hauek egurra ebaki egiten dute, ez dute zartatzen, besteek egiten duten bezala. Epaia ere ezberdin hartu behar izaten da», azaldu du Davidek.

Gainerako erremintak euskaldunek erabiltzen dituzten berdinak dira, aizkorak, trontzak edo motozerrak; hori ez da aldatzen. Beren erakustaldietan lan ezberdinak egin nahi izaten dituzte, eta beti, hasi aurretik, ikusleei azaltzen diete zer egin behar duten.

Inor ez da hortik bizi, ordea, eta lanetik kanpo egin behar izaten dituzte bai entrenamenduak, bai erakustaldiak. Kanpotik jasotzen dituzten laguntzak, berriz, nahiko eskasak izaten dira: «Aragoiko Gobernutik jasotzen dugu zerbait, batez ere arropak eta materiala lortzeko; eta gaur egun gauzak dauden bezala ez da gutxi. Udaletatik, ezer ere ez. Ia denak dirudik gabe daude, eta erakustaldiren bat egiteko deitzen badigute, gu konforme», gaineratu du.

Etorkizuna, berriz, ez du erraza ikusten, baina ezta beltz horietakoa ere: «Garbi dago guk ez dugula beti jarraituko, eta honek zer etorkizun duen gazteek esango dute. Une honetan 12 urteko mutiko bat badabil ikasten, eta gustura ari da. Bera bezala beste batzuk ere animatu eta sartzen baldin badira, aurrera egingo du; bestela zaila izango da», dio kirolari huescarrak.

Makala

Erabiltzen duten egurra, berriz, makala da. Lehen pagoa erabiltzen zuten, baina orain makala hobetsi dute: «Lehen beti pagoa erabiltzen genuen, baina material hori lortzea oso zaila egiten zaigu. Gainera, diru aldetik ere garestiagoa da, eta gaur egun jaialdiak egin nahi baldin baditugu, dirua oso kontuan hartu behar da, eta makalarekin errazago sartzen gara aurrekontuetan. Gero, lanerako, pagoa baino samurragoa da; baina arazoa ez da hori», dio Davidek.

Kirolaz aparte, artisau azoketan ere aritzen dira. Izan ere, motozerrarekin egiten dituzte irudiak, eta festetan edo azoketan aritu ez da berdina: «Erakustaldietan egiten ditugun irudiak, aizkorarekin, motozerra probarekin edo trontzarekin uztartu behar ditugu. Lana dezente aurreratuta eramaten dugu, eta ordu laurden batean irudiak prest daude. Azoketara irudi handiak eramaten ditugu, eta dena han egiten dugu. Horretarako, ordea, ordu dezente behar dira, eta ezin dira horiek erakustaldietan egin».

Txapelketarik ez daukate, eta hori dela-eta, erakustaldiak bakarrik egitera behartuta daude kirolari hauek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo