GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Ahots berriak eta arrazoiak: bankarizazioari ez

Arrasateko Ekai Center ikerketa zentro bat da, hain zuzen, politika publikoen ikerketa bultzatzea eta honen inguruko ezagutza zabaltzea duena helburu. Atzo ezagutzera eman zuen txosten mamitsu batean kutxen bat-egiteari buruzko galdera zorrotzak plazaratu zituen. Eta kutxekin egin nahi denaren inguruan, zalantzak ere handitu eta barreiatu zituen. Oinarri-oinarrizko galderak pausatu zituen: «stress test» delakoen ondoren kutxak errentagarritasunean eta solbentzian «top ten»-ean puntu-puntako badira, zergatik bihurtu behar dira banku? Finantza sektorearen buruan nabarmentzen badira, zer dela-eta alboratu behar da eredua?

Mahai gainean den egitasmoa ez da hiru kutxen arteko bat-egitea. Hiru kutxak banku bilakatzea baino. Burtsara atera eta, inbertsore berrien atzaparretan gatibu, kutxen urtze progesiboa proposatzen da. Alderdi politikoen interesen araberako «salerosketa» prozesu ilun batean eta begi publikoari ezkutatuta, gainera. Zorionez, baina, gero eta ahots gehiago dira aurrezki herritarraren sakrifizioa izango litzatekeen egitasmo honi aurre egiten diotenak. Azpijoko eta presekin eztabaida baldintzatu nahi duten arren, handitzen doaz desadostasunak eta metatzen arrazoiak -Ekai Centerren iritzi kualifikatua kasuko-. Funtsean, bankarizaziorako arrazoiek ez dutelako ez zentzurik, ez zentzu onik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo