GARA > Idatzia > Kultura

Antzinako euskal jantziak deskubrituz

Gure historiaren berri jakiteko bide anitz dago, eta horien artean bada bat ezezagun samarra zaiguna, normalean erabiltzen ez duguna baina informazio aberatsa ematen diguna: jantziak. Rafael Berasategi segurarraren laguntzaz, jantziz jantzi, Orreagako gatazkatik XX. mendera arteko bidaia egitera gonbidatzen zaituztegu erreportaje honetan.

p042_f02.jpg

Odei IRIGOIEN - Maider IANTZI | SEGURA

Denboran zehar bidaia berezi hau egiteko Segura bisitatu dugu. Erdi Aroko giroan harrapatu ditugu herritarrak, garai honekin lotutako aste kulturalean, tailer, hitzaldi eta musika emanaldi artean. Besta honen harira sortu zen, hain zuzen, «Jantziz jantzi Euskal Herria» erakusketa, irailera arte Goierriko txoko honetan, Ardixarra etxean bisitatzen ahal dena, eta gero herriz herri ibiliko dena. 2004an zenbait arropa egiten hasi ziren herritarrak janzteko; Martzillako emakume batek josten zituen, Rafael Berasategi Plaza Zaharreko Lagunak elkarteko kideak bildutako datuei segituta. Hainbat artxibotan arakatu ondotik, informazio aberatsa eskuratu zuen honek, eta gurean sekula jantziei buruzko erakusketarik egin ez dela ikusita, aurrera jotzea erabaki zuen.

Erraztiolatza izeneko erakustoki bat du Seguran, eta haren inguruan antolatzen ditu kultur ekintzak. «Euskal Herria adierazteko beti erabaki politikoak erabiltzen ditugu, baina zergatik ez adierazi beste era batera, kulturarekin, jantziekin?», galdetu zion bere buruari. «Bitxia da zortzigarren mendeko jantziak, Orreagakoak, nolakoak ziren idatzita dagoela, gainera Parisen. Kontatzen denez, aita haserretu nahi izan zuen egun batean, Karlomagnoren semea baskoiz jantzi zen, eta arropa horiek dokumentuetan azaltzen dira». Horietatik abiatuta josi zituzten erakusketa honetako jantziak; jakina, ez garai hartako oihalekin, baina bai zer motatako jantziak ziren kontuan hartuta.

Orreagatik XX. menderainoko bidaia egin dezake bisitariak jantziz jantzi, eta azken mende honetakoak bai, benetako oihalak dira. VIII. mendeko jantziak dira zaharrenak, eta hurrengoak XI.ekoak dira, tartean ez du deus topatu. Lehengo egunean Erriberatik etorri zitzaizkion bisitari batzuk. Maniki bat Nafarroako armarriarekin jarria du eta denak hari begira gelditu omen ziren. Erakusketa ikustera sartu eta horrela galdetu zioten: «Nolatan Nafarroa hemen?». «Bada, gure sustraiak nafarrak dira eta gu nafarrak gara». «Baina nola?». «Bai, bai, XI. edo XII. mendera arte hau dena Nafarroa zen». «Hau egia esaten ari da edo erotu egin da?», galdetuz bezala begiratu ziotela kontatu digu Berasategik irriz.

Makina bat jantzi berezi ikus daiteke, lutoko arropak adibidez. XVIII. mendean, gizonezkoek kapa luzeko jantzi beltza eramaten zuten, eta txapel zabal bat, erori samarra eta puntarik gabea. Elizbidean taldean joaten ziren; emakumeak, berriz, prozesioan, bata bertzearen gibeletik seroraren gidaritzapean, beltzez jantzita eta mantu luzeekin. Hildakoaren emazteak gerrirainoko mantu bat eta amantal zuri-zuria eramaten zuen, bakardadea irudikatzeko. Oinak soilik izaten zituen agerian eta aurpegia ere erabat estalita, lurrera begira ibili behar izaten zuen zerbait ikusiko bazuen.

«Orain norbait burkarekin ikusten dugunean, horrela nola joan daitekeen pentsatzen dugu, baina XVIII. mendean hori Euskal Herrian zegoen», ohartarazi du erakusketaren sortzaileak.

Azaltzen ari garen jantzi hauek dirudunenak ziren, informazioa ematen diguten grabatuak, koadroak edo zeramikazko irudiak ez ziren baserrietakoak. «Koadro batzuk harrigarriak dira: 40 emakume edo gehiago ageri dira, bakoitza kapelu berezi batekin. Beste batean, Bidasoko Faisaien irlan, Espainiako eta Frantziako erregeen arteko hitzarmen bat agertzen da, eta bi aldeetan, gorteetako jendeaz gain, herri xumea eta emakumeak buruko apaindurarekin».

Kontuan izan behar da orduko Euskal Herria ez dela orain ezagutzen duguna, zabalagoa baizik. Kantauriko kostaldean (Santanderreraino) eta Zaragozako partean ere antzera janzten ziren emakumeak, nahiz eta Nafarroako Erresuman ez egon, harreman estuak zituztelako.

Plaza Zaharreko Lagunak elkartekoak erantsi duenez, koloreei dagokienez, orain arte pentsatzen genuen garai haietan kolorerik ez zegoela, baina justu kontrakoa gertatzen da. «Hondarribian dago artxibo bat oso ona eta bertan arropa zoragarriak azaltzen dira. Iparraldekoak ere berdin: Donibane Lohizuneko eta Donibane Garaziko arropek kolore benetan ederrak dituzte. Lizarra aldera joanez gero, aldiz, ez dakigu euren koloreen berri, baina garai bereko antzeko forma bat azaltzen da Irunen, eta Irungo koloreak jarri dizkiegu Lizarrakoei». Erakusketako gainerako jantziak grabatuetan agertu bezalakoak dira.

Jada XX. mendera pasatuz, Azpeitiko Eguzkitze baserriko gizonezkoen brusa baten erreplika jasota dago erakusketan. Bitxikeria gisa, gizonezkoa eserita eta emakumezkoa zutik agertzen da orain dela ehun urteko argazkietan.

Gizonezkoetan, XVIII. mendetik aurrera, soldadu jantziak eta halakoak agertzen dira; bestela, ez dago emakumeen arropen aniztasunik. Lizarrakoak, adibidez, deigarriak dira, XVI-XVII. mendean bular inguru guztia markatuta eramaten baitzuten. «Nola liteke?», pentsa dezakegu, baina gero idatzita jartzen du garai hartan Nafarroan, zehazki Lizarra aldean, Elizak ez zuela gaur egungo indarrik.

Segura herriak berezko lotura dauka Erdi Aroarekin, hurbiltzen diren bisitariek etxe eta kaleetan suma dezaketen bezala, zein bertako herritarren hitzetan. Hiribildua bera, Zerain edo Oxiña portaleak, karkaba edota jauregiak horren adibide dira.

1256. urtean sortu zuen Gaztelako Alfontso X. erregeak, Nafarroako Erresumaren arteko muga-hiria izateko. Mesetatik kostalderako bidean garraio zein bidaietarako aduana-muga eta babeslekua izan zen, Gipuzkoan herri garrantzitsua. Horri esker, egun ere ondare artistiko eta historiko aberatsa dauka.

Erdi Aroko azoka Plaza Zaharreko Lagunak elkartea hasi zen antolatzen 2004an, eta gero eta arrakastatsuagoa da. Taldearen helburuak harantzago doaz, garaiko aberastasun kulturala berreskuratu nahi baitute, ofizioen berri eman, horietarako erabiltzen ziren lanabesak ere ikusgai jarriz etxe atarietan. Horretarako berebiziko garrantzia dauka herritarren parte-hartzeak.

XVI. mendeko Ardixarra etxean dago Segurako turismo bulegoa, eta urtero bertatik 5.000 bisitari baino gehiago igarotzen dira. Kanpotik ikusita, lehendabiziko solairua baino ez da horren zaharra, baina halere jatorrizko itxura gordetzen du gaurdaino, eta berezko egitura mantentzen duten egurrezko etxe bakanetarikoa da.

Emakumeen burukoa, botere ekonomikoaren adierazle

Oihana Berasategi Segurako turismo bulegoko langileak kontatu digunez, «Jantziz jantzi Euskal Herria» erakusketako bisitarien arreta gehien erakartzen duten jantzietako batzuk emakumeek harro erakusten zituzten buruko apaindura edo tokatu bereziak dira. Bereziak, gaur egungo ikuspegitik, baina ez dira gaur egungo bisitariak hauekin harritzen diren lehenengoak, ezta gutxiagorik ere.

Parisetik Santiago Bidea egitera etortzen zirenek, Euskal Herrira sartzean ulertzen ez zuten hizkuntza bat aditzeaz gain, emakumeak hala jantzita ikusten zituztenean «zer da hau?», galdetzen zioten euren buruari, eta Europan barna hemengo emakumeen inguruan solas egiten zuten. Erdi Aroko bisitariei deigarri egiten zitzaien bezala, Eliza ere ez zen atzera geratu. Apaindura hauen ustezko «forma faliko» edo lizuna zela-eta, debekatu egin nahi izan baitzituzten. Horrek ondorioak ekarri zituen, emakumeek ez baitzuten gogo onez hartu Elizaren inposaketa, eta beraien alde atera ziren gizonezkoak zigortzera ere iritsi ziren. «Oso barrutik zekarten zerbait izan behar zuen», eta botere edo estatus ekonomikoaren adierazletzat hartzen zituzten apaindurok, oihalak garestiak izanik, hauek erakusteak nagusitasuna adierazten baitzuen. 36 metrorainokoak izan zitezkeen eta forma ezberdinak izaten zituzten: bi puntadunak, meta formakoak, kono itxurakoak edota itsasontzi itxuradunak, besteak beste.

Ipar Euskal Herrian hiru mota zeuden: «Donibane Garazikoa kukurutxo bat bezalakoa zen; Donibane Lohizunekoa, kurbaduna, Nafarroako Erresuman gehien erabiltzen zena, eta gero, XIX. mendean, beste jantzi koloretsu eta berezi bat daukagu Xiberoan eta Bearnon», zehaztu du Rafael Berasategik. Ezkontzen zirenean jartzen zuten buruko hori; aurretik, emakumeek edo neska gazteek burua soildua eramaten zuten. Gaztelaniazko «moza» euskaratik dator eta buru motza erran nahi du, Berasategik aipatu digunez. O. I. - M. I.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo