GARA > Idatzia > Kultura

Herriz herri, kilometroz kilometro, ofizialtasuna izango dute aldarri

Aurten ere antolatu du ESAITek urterokoa duen Mendi Martxa. Hamaikagarren edizioa izango dute hilaren 30ean hasi eta abuztuaren 6an amaituko den edizioa. Amaiur eta Lizartza bitarteko bidea egingo dute, eta zortzi egun eta zazpi etapa izango dituzte egin beharrekoak. Egun bateko deskantsua izango dute abuztuaren 3an Oiartzunera iristean, bertan herriko festak direla aprobetxatuz, giroan sartzeko asmoarekin.

p045_f01.jpg

Aimar ETXEBERRIA | AMAIUR

Hamaikagarren aldia da Esaitek mendi martxa antolatzen duela euskal selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzeko. Ekimena Amaiurren hasiko da uztailaren 30ean eta Lizartzan amaituko da abuztuaren 6an. Egunero 7-8 orduko ibilbideak egingo dituzte, eta bien bitartean, 20-30 kilometro inguru ibili.

Guztia aldez aurretik prestatuta daukate Esaiteko antolatzaileek. Aldarrikapen egun bat amaitzen den bakoitzeko, dutxarako eta lotarako lekuak prest izango dituzte partaideek. Pilotaleku, kiroldegi, eskola... hainbat gune ezberdin zapalduko dituzte ondo merezitako deskantsua hartu ahal izateko. Hori bai, bakoitzak eraman beharko du bere lozakua.

Ekimenean parte hartzeko ere erraztasunak jartzen ahalegindu dira antolakuntzako kideak. Jendea Amaiurren batze aldera, Donostiatik eta Bilbotik autobusak jarriko dituzte. Martxa amaitutakoan ere, bi hiriburuetarako bueltako autobusak izango dituzte parte-hartzaileek. Alabaina, tarteko egunen batean batzea erabakitzen dutenek, euren kabuz egin beharko dute.

Egun guztietako gosariak eta etapan zeharreko ogi eta frutak antolakuntzaren esku geratuko dira. Horiek horrela, gainontzerako norberak behar duena, bere kabuz eraman beharko du. Antolatzaileek adierazi dutenez, etapako helmugako herri bakoitzak martxako parte-hartzaileentzat afaria antolatuko du, abuztuaren 2an eta 3an Oiartzunen izan ezik; beraz, aldez aurretik ordainduz gero, afari hauetan parte hartzeko aukera izango dute martxa kideek.

Talde osoaren koordinazioa bermatze aldera, eta sustoak saihesteko asmoarekin, egunero ibilbidea ezagutzen duen norbait joango da taldearen aurrealdean, baita atzealdean ere. Teknologia berrien erabilerak asko lagunduko du koordinazioa hobetzen. Ibilbide osoan zehar argazkiak ateratzen joango dira, eta bilduma bat osatuko dute ondoren argazki guztiekin. Dena amaitzean, partaide bakoitzari DVD bat bidaliko diote ibilbidean ateratako argazkiekin. Ekimenak sortzen dituen lanei erantzuteko, partaide guztien inplikazioa eskatu dute Esaiteko kideek. Aurreratu dutenez, norbera izango da istripu baten aurrean erantzule.

Prestakuntza aldetik, ez dute nahi eliteko kirolariekin osatutako talde bat, baina fisikoki sasoi egokian egotea eskatu dute. Momentu batzuetan mendian gora eta behera serioak izan daitezkeela eta, txakalaldi baten aurrean etxerako bidea hartzea erabakitzen duenak bere kabuz egin beharko du bide hori.

Ibilbidearen zergatia

Mendi martxaren ibilbidea Amaiurren hastearen arrazoia da «galdutako askatasunaren ikur» bilakatu dela. 1512. urteko erasoaren ondorioz, herri hau geratu da euskaldunon memorian, Esaiteko kideen ustez. 500 urte aurrera etorrita, Lizartzako kasua aurkitzen dugu, eta horregatik hautatu dute herri hori amaiera ekitaldirako.

Antolatzaileek azaldu dutenez, Lizartzan bi legealdi igaro dira herritarren erabaki ahalmena ez dela errespetatu. «Ilegalizazioen harira, Lizartzaz kanpoko pertsonek hartu dute Alkatetza». PP 27 boto lortuta iritsi bazen Alkatetzara, herri ekimenekoek Otaolari Lizartzatik alde egiteko eskatuz 402 sinadura lortu zituztela gaineratu zuten Esaitekoek.

Esaitek, selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzean, naziotasunaren alde ere egiten duela azaldu dute. «Gure zeregina kirol arlokoa bada ere, beronen eragina kirol esparrutik harantzago ere iristen da», adierazi dute antolatzaileek.

Amaiur eta Lizartzako herriak ekitaldi honetan batzea, lehen aipatu bezala, biek ala biek ere kanpoko erasoei aurre egin behar izan dietelako izan da, antolatzaileen esanetan. «Bi herri hauetan ez da herri borondatea errespetatua izan, inposaketak egon dira, indarkeria, sufrimendua...»

Amaiurko gazteluan Nafarroaren independentziaren alde egin zutenak omendu nahi izan dituzte, eta euren borrokaren lekukoa herriz herri eramango dutela aurreratu dute, «lizartzar guztiekin batera ospatuko dugu Lizartza herriaren esku geratu dela».

 
UZTAILAK 30

Autobus batek zuzenean egingo du Donostiatik Amaiurrerako bidea. Besteak, ordea, Bilbotik abiatuta Durangon, Eibarren eta Zarautzen egingo ditu geldialdiak Amaiurrera iritsi aurretik.

PREZIOAK

Zeharkaldi osoaren kostua, afariak barne, 300 eurokoa da. Afaririk gabe, 200ekoa, eta zeharkaldi erdia 100 eurokoa. Egun solteetan doazenek borondatea eman ahal dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo