GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Markel IRIZAR | Radioshack taldeko txirrindularia

«Rest day»

Markel IRIZAR

Radioshack taldeko txirrindularia

Atseden eguna izaki, Ametsek idatzitako zutabeak errepasatzeari ekin diot, eta beste batzuetan baino denbora gehixeago daukagula aprobetxatuz, bere aurreikuspenetan guztiz zuzen zebilela onartu behar dut.

Fisikari buruz mintzatzen zenean, argi geratu da Pirinioetan grabitate indarrak, potentziak eta pisuak beraien legea ezarri dutela, eta fisika alde ez genuenok nahi baino gehiago sufritu behar izan dugula.

Beldurrari buruz, berriz, sekula baino eroriko eta tentsio gehiago egon diren lasterketa honetan, batzuek oraindik euren beldurrei aurre egin eta galgak ukitu gabe esprintetan sartu, eta nahiz euria, nahiz arriskua, beren legea ezarri eta koldarragoak garenoi erraz aurre hartzen digute.

Eta psikologiaz ere aritu zaigu Etxeberriko kopla gizona. Eta batez ere, azken honi erreparatu diot. Beti esan izan dute Tourra erresistentzia proba bat dela, baina sekula ez nuke pentsatuko gorputza bezain garrantzitsua dela burua. Presioa ondo eramatea, tentsioa, emaitzak ez lortzearen frustrazioa... Guztiak eragiten du, hiru aste luze hauetako jardunean.

Atseden egun batean gorputzaldi eta erorketen oinazeei buelta ematea erraza ez denez, gure animo eta txispa igo nahirik pizza eta tarta goxoak prestatu dizkigute taldean. Gorputzak atseden hartuta, umorea eta tenplea ere hobeak izan ohi dira, eta berriz ere gertu gaude «gladiadoreen» borrokari ekiteko.

Eskatzen hasita, ia aurrekoetan baino zorte gehiago dugun, eta Txurruk idatzitako beste zutabe bati helduaz, ia behingoagatik Irizarrek Txurrurena egin eta egun batean azken etapa hauetan ihesalditxoren bat egiteko abilidaderik duen. Ordura arte, gure taldean esan ohi den bezala, gure rest day-arekin gozatzen nagoelarik uzten zaituztet. Ondo izan!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo