GARA > Idatzia > Kultura

Bi herri anaiturik, Monzon pastoral batekin omentzeko

Ia Larraineko herri osoa ari da «Monzon» pastorala prestatzen: aktoreak, dantzariak, jantzi egileak... Orain dela 30 urte zendu zen kultur eta politika gizon handi honi omenaldia egiteaz gain, eskoletan ikasten ez den historia kontatzeko. Bergaran ere eginen dute besta hau.

p049_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Ttikia da Larraine, 200 biztanle baino ez ditu Zuberoako hego-mendebaldean kokatutako herriak, baina bertako elkarte ugariek bizi handia ematen diote eta horri esker herritarrak kulturari atxiki eta Euskal Herri osoan ibiltzen dira dantzan eta kantuan. Azken pastorala antolatu zutenetik 20 urte joan direnean, berriro heldu diote erronka honi, modu berezian heldu ere, kulturako eta politikako pertsona garrantzitsu bat omenduko dutelako, Telesforo Monzon, eta horretarako haren jaioterriarekin, Bergararekin, elkarlanean ari direlako.

Bi herrietako ordezkariak bildu ziren atzo Donostiako Koldo Mitxelenan, abuztuaren 7an eta 13an Larrainen eta irailaren 17an Bergaran emanen duten ikuskizuna aurkezteko. Eta ilusioz eta esker onez beteta zeuden denak, bata bertzeari eskerrak emanez aritu ziren.

Jean Bordaxar idazleak agertu zuenez, urtero Zuberoako herri batek antolatzen dituen antzerki berezi hauek zinez luzeagoak izaten ziren lehen eta istorio luzeak kontatzen zituzten. Orain, aldiz, hiru ordu eta erdira mugatzen dituzte kontakizunak. «`Monzon' pastorala duela hamar urte idatzi nuen. Ez dago emana eta pozik nago Larrainen eta Bergaran emanen delako. Politikako eta kulturako gizon handi honek merezi zuen halako omenaldia jasotzea», erran zuen. Aguirre pastoralean aktore gisa Monzon pertsonaia egin zuen eta halaxe hasi zen haren bizia ikertzen eta idazten.

Gerra, mitinak, gose grebak, antzerkia, kantuak... erakusten ditu ikuskizunak, bergararraren ibilbidea marraztuz pastoralaren kode bereziekin, hau da, kantu eta dantzekin. Jendeak Monzon nor izan zen barrutik sentitzeko eta ikusteko. Liburu bat ere osatu dute testu guztiekin, eta pastoralean bertan erosten ahalko da.

Ohore bat

SEbastien Uthurriague Larraineko alkatearentzat, ohore handia da «bizi oro Euskal Herriarentzako eman zuen abertzale handi» honen pastorala bertan egitea. «Borrokan aritu zen beti Euskal Herri libre bat egiteko, eta Larraine ere beti ari da borrokan gure lurren atxikitzeko, gure lurren nagusigoa izateko eta gure duintasuna errespetarazteko. Zinez inportantea da hori guretzat», adierazi zuen.

Gaineratu zuenez, herriko ekintza ekonomiko inportanteena laborantza da; 21 laborari daude, gazteak anitz, eta borroka handia dute espekulazioari aurre egiteko. «Gure lurra tresna bat da guretzat lanean aritzeko», defendatu zuen.

Bergarako alkateak ere, Jexux Elortzak, bere herria aurkeztu zuen eta azaldu zuen 15.000 biztanleko Debagoieneko herri honetan industria eta zerbitzuak direla nagusi. «Hainbat bideren arteko lotunea da eta horri esker aberastasun handia izan da beti. Kulturari dagokionez ere sortzaile eta kontsumitzaile handia izan da eta da, eta hainbat pertsona nabarmendu dira, Telesforo Monzon, besteak beste». Alkatearen aburuz, garrantzitsua eta esanguratsua da «Monzon» pastorala jaioterrian ere egitea, hiru arrazoirengatik: ikuskizunarengatik berarengatik, bertatik bertara ikusteko eta gozatzeko aukeragatik; Monzonen bizitza gogorarazteko eta gaztetxoen kasuan ezagutarazteko; eta, azkenik, bi herrien arteko anaitasunarengatik.

Ramon Mendibil Dorre Olaso Fundazioko kidea ere pozarren agertu zen pastoral hau ospatuko delako eta eskerrak eman zizkien ikuskizuna egitea ahalbidetuko duten pertsona guztiei. Anitz dira, Jean Pierra Accoceberry lehendakariak zehaztu zuenez: 93 aktore, 16 dantzari, hamar musika egile, 16 jantzi egile, ehun langile, aparkalekuetako eta edanlekuetako langileak ere bai... Finean, herri oso bat, adin guztietako jendearekin, kultur ekintza baten inguruan lanean, pastorala momentu goxo bat izan dadin.

BORROKAN

Jean Bordaxar idazlearen aburuz, badu zentzua pastorala Larrainen egiteak, herri hau beti ari delako bere lurra defendatzeko borrokan, Monzon Euskal Herriaren alde bezala.

Fitxa

Larrainen: abuztuaren 7an eta 13an.

Bergaran: irailaren 17an.

Larraineko egitaraua: 10.30ean meza, 11.30ean desfilea, 12.30ean bazkaria, 15.30ean «Monzon» pastorala eta 20.30ean afaria.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo