Karlos Ibarguren Olalde Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea
Osakidetza, «demasiado rápido» euskalduntzen
Osakidetzak lan-eskaintza publiko (LEP) berriaren oinarriak argitaratuko dituela azaltzeko eskainitako prentsaurrekoan entzun ziren hitzak omen dira hauek. Diskriminazio positiboa abiadura handiegian ezarri nahia Osakidetzako langileontzat arazo omen da.
Errealitateak, ordea, EAEn euskara ofiziala den arren, eskubideen urraketak egunerokoak direla azaltzen du. Urraketa hauek Osakidetzan oso ohikoak direla azaltzen dute argitaratzen diren txostenek. Onartutako eskubidea da euskara, baina urte hauetan guztietan ez du Osakidetzak zerbitzua euskaraz emango duenik ziurtatu. Euskara-planak ere ez du hau ziurtatzerik lortu. Osakidetzako langile askorentzat, berriz, lana euskaraz egin ezina da benetako arazoa.
Ez gara LEP horren portzentajeak egokiak edo desegokiak diren eztabaidatzen hasiko. Euskaldunontzat galdetegia irekia edo itxia izatea ez da arazo nagusia. Ez dugu osasun-arloko gure prestakuntza-maila zein den erakusteko batere beldurrik. Benetako beldurra eskubide-urraketa luzaro mantentzeak ematen digu, eta bide horrexetatik goazela ikusten dugu.
Bertan entzun ziren hitzek botika bidez arindu ezin dugun mina sortzen digute. Erabiltzaile askorengan min berdina sortu dutela ere badakigu. Eztabaida antzuetan sartu gabe, eskubideak ziurtatuko dituzten pauso erabakigarriak eman behar dira. Eragileekin eta gizartearekin adostutako urratsak behar dira. Bide horretan aurrera egiteko gure laguntza eskaintzen diegu, berriz ere, Osakidetzako eta gainerako osasun-zerbitzuetako buruei.