GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ikusmen urritasuna duten pertsonen mugikortasuna hobetuko duen nabigatzailea

Satelite bidez funtzionatzen duen nabigatzailearekin, ikusmen urritasuna duen pertsonak bere kokaleku zehatza zein den jakin ahal izango du, baita ibilbide arriskutsuak nola ekidin ere. Gainera, entzungailu baten bidez, argibideak jasoko ditu autobusa hartu nahiko balu.
p015_f01.jpg

GARA |

Ikusmen arazoak dituzten pertsonen mugikortasuna erraztuko duen nabigatzaile berriaren probak egin dituzte Donostian Vicomtech-IK4 zentro teknologikoak eta Dbus autobus konpainiaren enpresak.

Kolektibo honek eskakizun bereziak ditu mugikortasun arloan, batez ere, ezagutzen ez dituzten lekuetan ibiltzeko. Behar horiek asetzeko merkatuan dauden nabigatzaileak ez daude pertsona hauen ezaugarrietarako prestaturik, hauek dituzten mugak ez baitituzte kontuan hartzen, Vicomtech-IK4 enpresakoek adierazi dutenez.

Funtzionamenduari dagokionez, Egnos/Edas konexioa duen satelitearen bidez zehaztutako kokapenetan oinarritzen den dispositiboa du, eta sistemak kontuan hartzen ditu oinezko hauek baldintzatzen dituzten murrizketak; batetik, biribilgune handiak, bidegurutze nagusiak edota ibilgailuen sarrerak saihestuz eta, bestetik, ondo seinalizaturiko bidegurutzeei lehentasuna emanez, besteak beste. Erabiltzaileak bere kokalekua zein den jakingo du lau metroko zehaztasunarekin.

Halaber, sortutako ibilbideak multimodalak dira, hau da, adierazitako lekura iristeko garraiobide publikoen erabilera eta oinez egin beharreko bidea konbinatu daitezke. Entzungailuen bidez zehaztuko dizkio erabiltzaileari egin beharreko aldaketak, zein geltokitan jaitsi eta zeintzuk diren igaro beharreko tarteko puntuak.

Posta banatzeko

Bestalde, iPhone-rako garatutako iTok aplikazioari esker, entzumenean arazoak dituzten Gureak taldeko EgunOn posta zerbitzuko langileek euren lana trabarik gabe burutu ahal izango dute; izan ere, posta banatu ahal izateko atariko txirrinak jo ostean, ezin zuten bertatik erantzundakoa entzun.

Ez da beharrezkoa Internet konexioa izatea. iPhone-a txirrinaren parean jarri ostean, aplikazioak soinua identifikatuko du pantailan uhinaren grafikoa irudikatuz. Botoi berde baten bidez, erantzuna egon dela jakingo du erabiltzaileak. Orduan, «erreproduzitu» tekla sakatuta, aldez aurretik grabatutako mezua jarriko da martxan, atea irekitzeko eskatuz.

bide gogokoenak

Web atari baten bidez erabiltzaileak bere erara molda dezake ibilbidea, beretzat baliagarria den informazioa erantsiz: puntu arriskutsuak, leku interesgarriak edota gogokoen dituen bideak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo