UDATE
Agur Montehermoso
Haizea BARCENILLA
Arte komisarioa
Hauteskundeak baino lehen komunikabideetan Montehermoso zentroaren inguruko iskanbila sortu zen. Jone Zamarbide politikari jeltzalea zentroak Gasteizeko publikoarentzako zuen balioa zalantzan jarri eta arte munduan onespenik jasotzen ez zuela esatera ere ausartu zen. Etorkizun iluna zetorrela zirudien.
EAJk Gasteizeko Udala lortu ez duen arren, borroka galdu dela dirudi. Zinegotzi berriak, Montehermosoko aldaketa bultzatu zuen PPko Encina Serranok hain zuzen, zentroa «publiko guztiei» ireki behar zaiola adierazi du; feminismoa eta berdintasuna xedetzat izanik, lan hori egitea ezinezkoa omen da. Xabier Arakistain zuzendariak ildoa aldatu edo urtarrilaren 1ean kale gorrian ikusiko du bere burua.
Badirudi, beraz, Montehermoso ezagutzen dugun bezala hiltzear dagoela, eta berriz ere, erabaki guztiz politiko (eta oker) batengatik. Zentroak berdintasuna modu zabalean hartu du beti, eta politikarekin, ondasunen banaketarekin eta bestelako gai sozialekin lotutako erakusketak eskaini dizkigu. Baina nahiago ei da 3 milioi euroko Anish Kapoor bat atean. Gainera, mingarria da feminismoa eta berdintasuna «publiko guztiei» irekita ez dauden gaiak direla entzutea. Feminismoa, Serrano andrea, ez da gai bat: gizarteko desberdintasunak salatzen ditu, gizarte horren erdiari zuzenean kalte egin, eta gizarte hori guztia itxuratzen eta baldintzatzen dutena. Beharbada egoera hori azaleratzen dutelako ez doaz hainbat publiko erakusketetara. Baina publiko horiek horrelako erakusketak ikusi nahi ez izateak, «emakume kontutzat» hartzeak, guztiz justifikatzen du, tamalez, oraindik ere horrelako lanak egin beharra.