GARA > Idatzia > Kultura

NIK LAN ETA HIK JAI: BEŃAT BARRONDO

«Gaztetako idoloekin lan egitea amets bat da»

p038_f01.jpg

Testua: Mikel Pastor       
Argazkia: Monika del Valle | Argazki Press

Denok maite ditugun talde horien kontzertuetan daude. Isilean, ezkutuan, gerizpean, lan zikina egiten. Nahiz eta foku guztien arreta ez erakarri, euren lana abeslariena bezain garrantzitsua da, ekitaldia ondo atera dadin. Egia esanda, soinu teknikaria izatea ez da esker onekoa. «Lanbide honetan ibiltzeko musika benetan maite behar duzu», dio umoretsu Beñat Barrondok, kable eta nahasketa mahai artean.

Nerabe hutsa zela dastatu zituen teknikarien zapore gazi-gozoak gure protagonistak: «Zorte handia izan nuen, ikasketak zuzenean kontzertuetan lan eginez burutu nituen». Esperientzia lortzeko toki hoberik bat ote?

Musikaren maitale amorratua bera, aurpegia alaitzen zaio ogibideari buruz mintzo denean: «Publikoaren gozamenaren partaide sentitzen gara». Ikuskizunaren «zati garrantzitsu» direla jakin badaki, eta horregatik, bigarren planoan geratu arren, maiz sumatzen du presio puntua: «Lanak perfektua izan behar du, gure akatsek, txikienak berak ere, ondorio latzak izan ditzakeelako».

Euren lana, berez, «gogorra» dela onartu du Beñatek. Ordu piloa ematen dute kontzertuaren aurretik eta atzetik, antolakuntza lanetan, probak egiten, soinua egokitzen. Hortaz, pazientziaren trajea jantzi behar askotan. Musika maite ez duen batentzat horretan aritzea ezinezkoa litzatekeela dio, oso ogibide nekagarria delako, «bai fisikoki, bai psikologikoki».

Beharrezkoa, elkar ulertzea

Denbora ugari ematen dute teknikariek abeslari eta musikariekin, eta «konfiantza giroa» sortzea ezinbestekoa da. «Irribarretsu eta alaitsu ibiltzea funtsezkoa da, nork bere ardurak alboratu gabe». Izan ere, tentsio egoerek, edota gatazkek, erlazioak «izugarri pozoitzen» dituztela uste du, «bataren zein bestearen lana are gehiago zailduz».

«Sinbiosi» hitza erabili du Barrondok erlazioa definitzeko. Azken batean, «batak besteon laguntza behar dugu produktuak itxura eta aurkezpen» egokia izan dezan. Askotan, ulermen hori lortzea ez da batere erraza. Lan egutegiak berak ere ez du laguntzen, «hainbat egun jarraian lanean ematen ditugunean, denok gaude nekatuago», eta ondorioz, «tentsio handiarekin eta umorea gaiztotuta».

Harremanak egokiak izan daitezen, artistek «lasaitasuna, pazientzia eta apaltasuna» agertzea ezinbestekoa da; eta ez da beti hala izaten. Barrondok denetarik aurkitu du bere lan ibilbidean: hasiera-hasieratik «laguntzeko prest dauden tipo apartak», eta «beren buruari begiratzea» besterik ez dakitenak.

Gazte garaian gelako posterretan izandakoekin lan egitea «harrigarria» dela dio Beñatek. Negu Gorriak edo Su Ta Gar taldeekin teknikari lanak egitea «izugarria» da berarentzat, «ametsa»; baina aldi berean, «sekulako presioa» dakarrela dio. Halere, lehendabiziko zirrara alboratuta, abeslari eta musikariak «gu bezain apalak» direla azaldu du, eta «langile amorratuak» direla esanez definitzen ditu, euren lanean «oso profesionalak».

Ez dezagun ahaztu, beraz, pop rock edo jazz kontzertu gustagarri horretan gauden bitartean, gertu, ilunean eta jo eta ke langile finak dauzkagula, dena ondo atera dadin isilpeko lana eginez. Musikaren alde ezkutua, oharkabe bezain ezinbestekoa.

HONDARTZAK: Arena

Bizkaiko mendebaldean, Muskiz eta Zierbena arteko hondartza luzea da Arena, Ezkerraldeko hareatza. Bertako mutur batean itsasoratzen da Barbadun ibaia. Hondartzan babestutako dunek daude, baina hor belarra dagoenez, jendeak hondarretan ez ezik, belarretan etzateko aukera ere baliatzen du. Gainera, urritasunen bat dutenentzako egokituta dago Arena, eta behar duenari bainua hartzen laguntzeko bitartekoak daude.

Sestao eta Barakaldo Arenarekin lotzen dituen bidegorriak bizikletaz bertaratzea ahalbidetzen du. Bestalde, hondartza parean, itsaso zabalean, ohikoa da Superportuan sartzeko zain izaten diren ontzitzarrak ikustea.

Bilbotik gertu samar egonda, udan hondartza lepo izaten da, eta bertan familiarteko giroa da nagusi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo