GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Euskara, gero eta meritu txikiagoa Osakidetzan

Osakidetzako LEPeko euskara eskakizuna, euskalgintzak eta euskal alderdi eta sindikatu gehienek euskaldunenganako mespretxu gisa eta Osakidetza euskalduntzeko borondate faltaren erakusgarritzat hartu duten hori, gehiegizkoa iruditu zaie PP eta UPDri. Alderdi horien bozeramaileek esandakoak entzunda, eman lezake PSE Administrazioa euskalduntzeko benetako ahalegina egiten ari dela, baina PPren eta UPDren kexuak PSErekiko distantzia erakusteko saioa baino ez dirudi. Izan ere, alderdi horiei nahikoa iruditzen ez bazaie ere, Patxi Lopezen Gobernuak oposizioetan euskarari garrantzia kentzeari ekin dio, Gasteizko Parlamentuan PSEk, PPk eta UPDk 2009ko urrian adostu zuten legez besteko proposamenaren arabera. Kontua, beraz, ez da euskararen balioestea 18,4ra edo 15ra jaistea, baizik eta hori jaistea erabaki zutela Legebiltzarreko gehiengo birtualaz baliatuta, eta Lakuako Gobernua hala egiten ari dela. Hartarako, «bazterkeria» dute argudio nagusi, euskaraz ez dakitenen aurkako bazterkeria, alegia, baina baldin eta euskaraz ez dakiten horiek gaztelaniazko hiztunak badira bakarrik, jakina. Hartara, euskara merezimendu bat da beste hainbaten artean, eta gaztelania ezinbesteko baldintza. Eta herritarren eskubideak, kasu honetan euskaldunen eskubideak, ez dira Osakidetzaren lehentasuna. Osakidetzako LEPeko euskara eskakizuna ez da gehiegizkoa, gehiegikeria da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo