Ariane Kamio Kazetaria
Patata, porrua ala purea?
Estrategiko, etorkizuneko, ezinbesteko... Zertan datza euskal kultura egun? Hasier Etxeberria, Zuzeu. com-en idatzitako artikuluan, Tabakaleraren inguruan mintzo da; nahia eta ezina ere baditu hizpide eta ekonomia hizki larriz idazten den egunotan, inbertsio erraldoiek sortzen duten izua ere antzeman liteke lerro artean.
Formulazio zehatzarekin ematea ez da inoiz berehalakoan lortzen den saria. Esperimentuak egitea beharrezkotzat jotzen dute batzuek, aferaren ingurumarietan bueltaka ibilita lehenengo, eta ituaren erdira iristen saiatzen ondoren. Euskal kultura horretan ere ez da salbuespen. Baina esperimentu eta ikerketa gehiegi gauza onerako, larregi dianaren zirkuluak apenas ikusten diren egoeran egonda gainera.
Antzinako errezetei hautsa kentzea litzake bestea, edo zaharrak berritzea, Zinemaldiak irailean egingo duen bezala. Terence Davies (atzera begirakoa eskaini zion jaialdiak 2008an), Arturo Ripstein (bitan eskuratu du Urrezko Maskorra) edo Hirokazu Kore-Eda (laugarren aldiz izango da Donostian) jaialdiko zuzendari aski ezagunei ateak irekiko dizkie berriro aurten, aurreko edizioetan lortutako emaitza onak errepikatze aldera, handinahikeriak albo batera utzita. Lanean, soinu handirik atera gabe. Euskal filmak ere lehen mailara igoaraziz gainera. Hobe lur gainean ibiltzea eta ez harea mugikorretan sartzea, ez?
Agian hori da euskal kulturak behar duena; ez antzinako metodoei itsu-itsuan jarraitzea, baina bai akaso noizean behin atzera begiratzeak kalterik eragiten ez duela defendatzen duten premisetatik oharrak hartzea.
Ikus-entzunezkoen faktoriaz, sorkuntzaz, garaikidetasunaz ere hitz egin izan da maiz, baina kultura globalizatuaren askara begiratuz beti. Ez al da egokiagoa lehenengo etxea atondu eta hura txukun antzera jartzea merkatuan salgai jarri aurretik? Patata beroaz ere ari da Hasier Etxeberria bere artikuluan, «gaur patata bero dena, ez dakigun bihurtu datozen hamarkadetako porru», dio. Ez dakit porru, kalabaza edo pepino bilakatu litekeen; baina bai akaso nahasturan galdutako patata pure inozo, gatzil eta motela. Ez dadila pasa, arren.