GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Julen Orbea Bereikua ESAITen Mendi Martxako parte hartzailea

ESAITen Mendi Martxa

«Hamaika pauso selekzioak lortu arte! Inposaketarik ez!» Lelo horrekin abiatu zen larunbatean ESAITen 11. Mendi Martxa, eta ekuatorea gaindituta, gogoetatxo xume bat egin nahiko nuke bertan parte hartzearen esperientziatik. Amaiurtik, gure Herri izaeraren erresistentziaren sinbologiaz beteriko Nafarroako herritik, Lizartzara, azken urteotan zoritxarrez bertako herritarrek bizi izan duten inposaketaren adierazlea, abian da egunotan euskal selekzio ofizialen aldeko aldarrikapena. Aldarrikapen hori, mendiz mendi, Zugarramurdi, Sara, Lesaka, Oiartzun, Goizueta, Leitza, eta hainbat leku zoragarritatik ari da igarotzen, Euskal Herriko txoko guztietatik etorritako hainbat lagunekin: Ermua, Burlata, Azkain, Bilbo, Andoain, Amurrio, Durango, Sara, Iruña, Ondarroa, Añorga, Barakaldo... muga inposatuen gainetik, Herri bat martxan dagoen erakusle ezin hobean.

Baina aldapa petrala daukagu aurrean, Madril eta Paristik inposaketa eta ukazioa besterik ez digute eskaini azken 500 urteetan eta Oiartzungo monolitoaren inaugurazioan bertsotan esan bezala, «Nor da nor gu nor garen esateko?» Herri txiki honengan sinisten dugunok, Euskal Herriko selekzio ofizialaren alde gaudenok, badaukagu gure harri koxkorra jartzeko beste eremu bat. Kirola, naziotasuna, auzolana, euskara, lagunartea, Ama Lurra, kirol federazio nazionalaren aldarrikapena, erabakitze eskubidea, festa... Mendi martxa aipatzean burura datozen hitzak dira. Beraz, gaur Lizartzan egingo den bukaeran eta datorren urteko edizioan parte hartzera animatzen zaituztet. Eskerrik asko herriz herri, euskal selekzioen ofizialtasunaren alde mendi martxa honetan herriz herri lanean ari zareten udal, elkarte, kirolari eta herritar guztioi (musu handi bat Lesakako Juli sukaldariari) eta besarkada bat Unaitik Sanjora doazen martxakideei!

Animo eta aurrera selekzio ofizialak izan arte!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo