LITERATURA
Hiritartasuna (eta V)
Dzhan komunitateko kideak Chagataevi esaten dio gizatasunaren oinarrizko ezaugarria dela pozik sentitzeko ahalmena; poztasuna, azken batean, bizi-nahiaren adierazgarri baita. Dzhan jendeak, ordea, aspaldi ahaztu zuen zer den poztasuna eta ondorioz, bizitzeko gogoa. Horregatik, ezer baino lehen Dzhan jendeak bizitzen, hots, gizaki izatea zer den ikasi behar du berriro.
Dzhan taldeko gizonaren hitzek zer pentsatu ematen diote Chagataevi. Bere bizitzako urterik gehienak Moskun igaro ditu, Dzhan jendearengandik urrun. Bere buruari onartu beharrean dago haiengana itzuli bada, nazioaren izenean mintzo den Stalinen erregimenaren eskariz izan dela, ez bere borondatez. Nazioari, baina, bost axola zaio Dzhan jendearen gizatasuna. Hobeto esanda, ez ditu inoiz gizakitzat jo; hainbat hamarkadaz komunitateari laguntza errefusatu izana da horren proba.
Hain zuzen, Errusiako agintarien ikuspuntutik Errusiako seme-alabak dira gizakiak, hau da, hiritartasunak egiten ditu gizaki, eta Dzhan komunitatea herrialdearen mugez kanpo egon da orain arte. Zorionez, Moskura itzultzen den Chagatanaev ez da hilabete batzuk lehenagoko gizon bera. Dzhan komunitateko agurearen hitzek begiak irekiarazi dizkiote, eta bere buruari zin egiten dio hiriburuarekikoak konpondu ostean bere jendearengana itzuliko dela, haiekin batera gizarte sozialista osatzeko. Alabaina, beldur da aste batzuk Moskun igaro ostean ez ote den Dzhan jendearekin ahaztuko, ez ote den «hiritarraren» larruan berriro sartuko eta (Norvegiako hilketak eragin dituen gazteak bezala) bera «bezalakoak» ez direnak suntsitzen bukatu.