GARA > Idatzia > Kultura

gazte literatura

Grezia zaharrean barrena

 

p048_f02.jpg

Xabier ETXANIZ ERLE

Fernando Morillo idazle ezaguna gazteen artean eta bere liburuetan gazteen interesei erantzuten saiatzen da. Oraingoan, berriz, nerabezaroko kontuez aritu beharrean abentura eta historia batu ditu gazteentzako irakurgai bizietan. Antton eta Rakelen artean denboran eta espazioan zehar bidaiatzeko modua asmatu dute eta Anttonek probatu egin nahi du. Horrela, Grezia zaharrera, Termopiletako guda garaira hain zuzen, bidaiatuko du Anttonek, baina arazo batzuk tarteko ezin izango da itzuli. Anttonen anaia eta beste bi lagun abiatuko dira orduan haren bila.

Bi garai eta bi espaziotan kokatzen da argumentua. K.a. 480. urtean Grezian, eta gaur egun hemen; eta Antton, Urki, Olain eta Harriet Grezian espartarrekin eta pertsiarrekin dauden bitartean, Rakel, hemendik, haiek guztiak ekartzen saiatuko da.

Baina, Morillok, historia eta abenturazko liburu honi misterioa ere gehitu dio. Anttonen bila ari den teknologi enpresako jendea (matoiak, esan beharko genuke), hura harrapatu nahian dabil, beraiek bakarrik komertzializatu ahal izateko asmakizuna. Elementu horiez guztiez gain, presente izan behar dugu zein unera bidaiatu duten gure gazteek: Termopiletako gudara; Leonidas erregeak bere 300 soldadurekin batera milaka eta milaka soldaduko gudaroste osoari aurre egin zion.

Abenturak, ikusi ahal izan den bezala, nagusi dira obra honetan. Greziaren geroa erabakiko zuen gerra, Anttonen bila ari diren lagunak, beraien atzetik doazen matoiak... irakurlea harrapatuta dago ekintzen joan-etorrian; eta, hain zuzen, horixe da Morillok erabili duena Grezia zaharrari buruz hainbat eta hainbat azalpen emateko nobelan zehar. Ageri diren pertsonaiei buruz, haien kulturaz, antolaketaz edo historiaz ari zaigu abenturen zirrarari eutsiz, eta horixe litzateke, nire ustez, liburu honen ezaugarrietako bat. Abenturazko istorioa historian; edo, beste modu batean esanda, historia ezagutzeko abenturazko liburua.

Nobelaren egiturak, 45 kapitulu labur, eta narrazioarenak, elkarrizketetan oinarritua, neurri handi batean, irakurketa arina bilatzen dute. Eta onartu behar dugu erraz irakurtzen den obra dugula; arin, ekintza eta elkarrizketa ugari dituena eta behin eta berriro -kapituluetako egiturari esker- lekuz eta garaiz aldatzen gaituena. Alde horretatik, egileak ederki lortu du, ene ustez, literaturak entretenitzeko duen funtzioa; baina, gainera, kasu honetan entretenitu eta une atsegina bilatzeaz gain, nago idazleak hezi ere egin nahi duela, beste denbora eta espazio baten berri azaldu, historiara hurbildu, lehendik ere muga edo zalantzazko esparru batean zegoen literatura produkzioa -gazte literatura- irakaskuntzaren eta atseginaren esparruetara eramanez.