Hedabideen atzean nor dagoen jakinda, hobeto ulertzen dira argitaratzen diren zenbait berri
Azken egun hauetan, hedabideen jabetzaren eta jabetza horren kontzentrazioaren gaineko zenbait erreportaje irakurtzeko aukera izan dugu GARAko orrialdeetan. Erreportaje zinez interesgarriak, nazioartean «Murdoch auziak» sortu duen zalapartaren karietara, ariketa ona baita Estatu espainoleko hedabideak noren eskuetan dauden jakitea. Izan ere, datuek argi erakusten dutenez, enpresa, marka eta talde desberdinen atzean sarritan beti izen berberak ezkutatzen dira, eta teorian aurkariak diren hedabideek, interes berdinak defendatzen dituzte. Hala, badakigu Silvio Berlusconi lehen ministro eta enpresaburu italiarrak Estatuko egunkari nagusietan eta zenbait telebistatan duen boterea, edo nazioarteko banku eta enpresa garrantzitsuek hedabide askotako administrazio kontseiluetan parte hartzen dutela.
Hedabideen xedea, jendearen informatzeko eskubidea bermatzea, «egia» zabaltzea eta iritzi oinarritu bat osatzeko tresnak ematea da, eta horrela hartzen ditu gizarteak. Baina hedabide horien atzean nortzuk ezkutatzen diren jakiteak hedabide horietan ikusi eta entzuten diren gauza asko ulertzen lagunduko digu denoi.