GARA > Idatzia > Mundua

Zentral nuklearretako langile oihak gudu zelaira begira jarri dira Japonian

Sekulako balentria egiteko prest daude bere garaian zentral nuklearretan lan egindako beharginak, erretiroa hartuta duten arren, Fukushima kontrolpean hartzeko lanetara batzeko prestutasuna agertu baitute publikoki, larri gaixotu daitezkeela jakinda ere.

p020_f01.jpg

Ainara RODRIGUEZ

Adiskidetze eta elkartasun printzipioen zimenduetan hezten dituzte japoniarrak txikiak direnetik. Lanarekiko duten ardura eta errespetua dira, akaso, Mendebaldeko herrialdeetan harridura handien eragiten duten ezaugarriak, modu zorrotz eta hertsian betetzen baitituzte eguneroko betebeharrak japoniarrek. Zorroztasun horrek IAEA Energi Atomikoaren Nazioarteko Agentziako kideak ere aho zabalik utzi ditu, pare bat astez herrialdean egin duten egonaldian. «Gobernuak harro egon beharko luke halako trebezia duten pertsonak edukitzeaz. Dudarik gabe, haiek dira herrialdea salbatzea lortuko dutenak», ziurtatu zuen Yukiya Amano IAEAko idazkari nagusiak.

Hondamendiren bat gertatzen denean, egoerari aurre egiteko elkarren artean batzea ohi da izakien ohiko joera. Japonian, bederen, halaxe egiten dute, eta ezin esan gaizki doakienik. Martxoaren 11n herrialdean gertatutako lurrikarak -Ritcher eskalan 9 gradukoa- eta horren osteko tsunamiak irakaspen asko ekarri ditu, ez bakarrik japoniarrentzat, baita mundu osoko herritarrentzat ere.

Orain, irlan bertan, mezu elektroniko bat dabil hara eta hona, jira eta bira, direnak eta ez direnak konbentzitzen. Yasuteru Yamada izan zen eten ezineko kate hori hasi zuena, eta harro dago, zeharo, egindakoaz. «Ez nuen beste irtenbiderik, telebistako irudiek mendera ezineko arrangura eragiten zidaten. Nire aberriaren aldeko ekintza bat izan da», ziurtatu du esperantza islatuz.

Gaur-gaurkoz kontrolik gabe dagoen Fukushima zentral nuklearreko langile ohia da Yamada; aspaldi utzi zion bertan aritzeari, baina zentrala muturreko egoeran dela ikusita, hara itzultzeko prest azaldu da, erretiroa hartua duten eta bere mezu elektronikoari erantzun dioten 200 inguru langilek bezala. «Ez dut uste bereziak garenik; guztiok diogu heriotzari beldur, baita neuk ere. Baina japoniar ororen bihotzetan dagoen sentimendua da. Kontua da, urrats bat aurrera emateko prest gaude, ala atzean geratuko gara, begira? Japoniar gehienek argi dute: ahal dugun heinean, gu hantxe izango gara», dio ziurtasunez Yamadak.

Guztiek 60 urte pasatxo dituzte; aski bizi izan direlakoan, Fukushima mendean hartu nahian dabiltzan langile gazteak erradiazio maila altuarengatik ahalik eta gutxien kaltetu daitezen nahi dute, horrek ondorio larriak ekar baitiezaieke epe laburrean. «72 urte dauzkat nik -dio Michio Itok, beste boluntario batek-. Onenean jarrita ere, 13-15 urteko bizitza geratzen zait hil aurretik. Erradiazioa geldituta ere, minbiziak 20 eta 30 urte artean behar ditzake erabat garatzeko. Horregatik, agureak garenok, arrisku txikiagoa dugu gaixotzeko».

Gobernua, zuhur

Hondamendia gertatu aurretik, mila lagun inguru ari ziren beharrean Fukushimako zentral nuklearrean; horren ostean, pare bat dozena baino ez dira gudu-zelaiaren erdigunean aurkitzen direnak. Kontrolpean hartzeko lanek luzaroan iraungo dutela aurreikusita, behargin asko beharko dituztela esana du Tepcok, zentrala kudeatzen duen enpresak, baina ez du argitu nuklearretan eskarmentua duten langile ohi horien eskaintza ontzat emango duen.

Auziak iskanbila handia eragin du japoniarren artean; antza, askok ez dute argi ikusten erretiroa hartua duten langile horien balentria horren motiboa. Gobernuak ere bere hitzak dezente neurtu ditu gai honetan. «Asko eskertzen diegu erakutsi duten jarrera», adierazi zuen Goshi Hosono, Gobernuko ordezkari batek. Baina halako neurririk barne hartzen duen araudirik ez dago Japonian, eta hortaz, auzia geldirik dago momentuz.

Argi dago, dena dela, eskaintza tentagarria dela, batik bat Fukushiman lanean ari diren beharginentzat, esperientziadun hauek luzatutako proposamen hori. Zenbait diputatuk, behintzat, ederki ikusten dute, eta ez dute zalantzarik egiten euren sostengua adieraztean. Japonian gobernatzen diharduen Alderdi Demokratikoko diputatu Hiroe Makiyama, halako proiektuak martxan jartzea ahalbidetuko lukeen legediaren gainean hausnartzeko gertu azaldu da.

Kontua da, eskaintza honekin edo gabe, eta berandu baino lehen, krisi nuklearrari irtenbidea emango dion estrategia landu behar duela Naoto Kan lehen ministroaren gobernuak. Momentuz, lehen zentsura mozio bat gainditu behar izan du auzi honengatik. Konpondu beharrekoak konponduta agintea utziko duela ziurtatuta ere, ikusteko dago hor zenbat denbora irauteko gai den.

Erreaktoreak zuloz beteta egon litezke, Tepco-k dioenez

Fukushimako erreaktoreen egoera orain arte esandakoa baino okerragoa da, 7 eta 10 zentimetro bitarteko zuloz beteta daude-eta. Zentrala kudeatzen duen Tepco enpresak lurrikara izan eta ordu gutxitara atzeman zuen horietan lehena, lehenengo erreaktorean, baina hasieran ez zuen horren berri eman. Alta, zuloak handituz eta ugarituz, eta beste erreaktoreetan ere agertuz joan direla dio barne txosten batek, eta erradiazioa airean barreiatzeko aukeraren gaineko kezka areagotu du horrek.

Izan ere, erradiazioa kanporatzea oztopatzen duten ontziak zulatzeak arrisku andana dakar; adituek horri buruz ohartarazi zuten, krisia lehertu eta segituan. Hain zuzen, erreaktoreetan barreiatutako erradiazio hori da zentrala kontrolpean hartzea oztopatzen duena. Enpresak bere burua zuritu nahi izan du auzi honetan, erreaktore horietara sartzea ezinezkoa izan dutenez, lehenago ezin izan dutela abisatu argudiatuz. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo