GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ana Carrere Andoaingo alkateak mehatxuak jaso dituela salatu du

Andoaingo Udalean egin zuten prentsaurrekoan, Ana Carrere alkateak mehatxuak jaso dituela jakinarazi zuen. Orain dela astebete inguru, Lasarte-Oriako alkateak ere gauza bera salatu zuen. Lasarte-Orian bezala, PPko eta PSEko ordezkariek ere gaitzetsi dituzte mehatxuak.

p012_f01_149x109.jpg

Aimar ETXEBERRIA

Andoaingo alkate Ana Carrerek azaldu zuenez, duela astebete inguru jaso zuen azken mehatxu eskutitza. Atzo egin zuten prentsaurrekoan Bilduko zinegotziez gain, zerrendako kideek ere parte hartu zuten. Orain denbora gutxi, Lasarte-Oriako alkate Pablo Barriok ere gauza bera salatu zuen. Lasarte-Orian gertatu zen bezala, Andoaingo Udaleko PP eta PSE alderdiek prentsa ohar baten bidez mehatxuok gaitzetsi zituzten publikoki. EAJak, oraingoz behintzat, ez du adierazpenik egin.

«En determinado momento, os haremos salir de las poltronas que os habéis encontrado y os haremos desaparecer» edota «vosotros no sois personas, sois alimañas llenas de odio que hay que exterminar». Halako esaldiz beteta zegoen dokumentu bat aurkeztu zuen alkateak, froga gisa. Bitxia da, Andoaingo alkateari eta Lasarte-Oriakoari bidalitako eskutitzak berdin-berdinak dira, pertsona berberak sinatuak, eta eduki berbera biltzen dutela, alegia.

Lasarte-Oriako kasuan, bertako PSEk eskutitz bat kaleratu zuen mehatxuak gaitzetsiz, nahiz eta gutunaren parte batean eurek pairatu izan duten «kale borroka» ere aipatzen duten. Andoaingo kasuan, antzeko zerbait gertatu da. PSEk eta PPk kaleratu zuten prentsa oharra, eta Lasarte-Orian kaleratu zutenaren ildo beretik joan ziren.

Carrerek azaldu zuen moduan, Alkatetza hartu bezain pronto hasi zitzaizkion gutunak iristen Udalera. Gainera, ez dira eskutitzak soilik izan. Birritan bota dituzte «No queremos asesinos» edota «Alcaldesa pistolera tE.rrorisT.A.» zioten panfletoak udaletxe atarira.

Erkorekaren aurrekaria

Duela urte batzuk, Espainiako Kongresuan EAJko diputatu den Josu Erkorekak ere jaso zituen antzeko mehatxuak. GARAk bere blogean sartuta jakin ahal izan duenez, Erkorekari eskutitzak bidaltzen zizkion pertsonaren sinadura eta azken aste hauetan Carrereri eta Barriori eskutitzak bidali dizkionarena berdinak dira.

Carrerek aurreratu zuenez, Udaltzaingoan salaketa jarriko du gertaeren berri emanez, horiek Ertzaintzara jo dezaten auzia bideratzeko. Bestalde, lanean irmo jarraitzeko asmoa dutela esan zuen, eta nahiz eta gisa honetako mehatxuek norberari mesederik ez egin, Andoaingo herritarrekin hartu zuten konpromisoa amaieraraino eramateko asmoa agertu zuen.

gaitzespena

Andoaingo Udaleko PP eta PSE alderdiek atzo arratsaldean kaleratu zuten prentsa ohar bat mehatxuak gaitzetsiz. Horrela, atzoko deialdian Carrerek eskatu ziena bete dutela azaldu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo