Aizkora Arabako Irekia
Faboritorik ez dago final nagusian
Gaur eguerdian Mugertza II.a eta Jauregi Rekondoren eta Rodriguez II.aren aurka neurtuko dira Gasteizko Foruen plazan.
Jon LEUNDA
Rekondo-Rodriguez II.a eta Mugertza II-Jauregi lehiatuko dira gaur 12.30etik aurrera Gasteizko Foruen plazan jokatuko den Arabako Irekiko finalean, bi biko horiek lortu baitute azkeneko saioan egoteko txartela.
Herenegun, Rekondo eta Rodriguez II.a gailendu ziren Ohian Larretxearen eta Rodriguez I.aren aurka. Egin beharreko sei probetatik denak irabazi zituzten, eta amaieran bi minututik gorako tartea lortu zuten beren alde.
Orekatuena hasierako proba izan zen, 45 ontzako bat ahalik eta kolpe gutxiagotan nork moztu. Horretan bi kolperen aldea egon zen Leitzakoaren eta segoviar gaztearen alde. Hortik aurrera, garaipena lortu zuen bikoak alde nabarmena kendu zien aurkariei.
Azken lanean lau kana-erdiko erdibitu behar zituzten, eta ordurako ia dena erabakita bazegoen ere, hor ere minutu bat kendu zieten. 8 minutu eta 54 segundoan moztu zituzten enborrak Rekondok eta Rodriguez II.ak, eta beste minutu bat behar izan zuten Ohian Larretxeak eta Rodriguez I.ak. Lanak burutzeko 17 minutu eta 30 segundo behar izan zituzten Rekondok eta Rodriguez II.ak, eta 20 minutu eta 8 segundo, berriz, Rodriguez I.ak eta Ohian Larretxeak.
Atzo bigarren finalerdia jokatu zuten, eta lehia askoz ere estuagoa izan zen. Amaieran, Mugertza II.ak eta Jauregik mendean hartu zituzten Zubiaga eta Saralegi. Lehia, ordea, nahiko berdindua izan zen, nahiz eta amaieran minutu bat pasako tartea egon zen bi bikoen artean.
Proba kopuruari dagokionez, atzo ez ziren sei proba jokatu, bost baizik. Enborrekin gaizki-ulertu bat egon zen, eta bosgarren proba ezin izan zen jokatu. Iraupen proban, berriz, lau kana-erdiko erdibitu beharrean, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar izan zituzten. Bost saio horietatik, lautan garaile atera ziren Mugertza eta Jauregi, baina bi 45 ontzako erlojuz kontra mozten Zubiaga eta Saralegi hobeak izan ziren.
Bi minutu eta 12 segundo behar izan zituzten, eta baten tartea kendu zieten aurkariei. Gainerako lauretan Mugertza eta Jauregi izan ziren nagusi. Iraupen probara tarte dezentearekin heldu ziren, eta hor ere garaile atera ziren.
Lau enborrak 8 minutu eta 51 segundoan moztu zituzten, eta 9 minutu eta 4 segundoan, berriz, Saralegik eta Zubiagak. Lan guztiak burutzeko, 16 minutu eta 33 segundo behar izan zituzten Mugertzak eta Jauregik, eta 17 minutu eta 43 segundo, berriz, Saralegik eta Zubiagak. Gaur eguerdirako final oso orekatua eta ederra espero da Foruen plazan. Bi bikoak nahiko orekatuak dira eta bietako edonork irabaz dezake, hasieran ez baitago faboritorik.
Finalera iritsi ziren bi bikoek nahiko erraz lortu zuten garaipena. Herenegun, Rekondok eta Rodriguez II.ak bi minututik gorako tartea lortu zuten, eta atzo, berriz, Mugertzak eta Jauregik, minututik gorakoa.
Aizkorakoaz gain, atzo Arabako bi txapel jokatu ziren Gasteizen, eta Lauzirika eta Ferran dira txapeldun berriak.
Arabako Lasto-altxatze Txapelketa jokatu zen atzo, eta horretan Lauzirikak lortu zuen txapela. 17 jasoaldi eman zituen, eta biren aldea kendu zion Velez de Mendizabali. Hirugarren postuan, berriz, Ruiz de Aretxabaleta sailkatu zen 13rekin; laugarren Lopez, 11rekin; eta bosgarren eta azken, lehiaketako gazteena, Franco, 5 jasoaldirekin.
Emakumezkoen Ingude-altxatze Txapelketan Ferranek lortu zuen txapela, 10 kiloko ingudeari minutu eta erdian 78 jasoaldi eman ostean. Bigarren Gulova sailkatu zen; eslovakiarrak 76 jasoaldi eman zizkion, eta hirugarren, berriz, Hernandez sailkatu zen 68 jasoaldirekin. Atzo ere sekulako jendetza batu zen. J.L.