GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

ITSASOA

Kepa Acero: Olatu bila munduko bi muturretan

Getxotarraren proiektua, «Azken Muga»: Alaskan eta Patagonian ibiliko da, surf egiteko leku berrien bila.

p028_f03_149x113.jpg

 
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Iaz, maiatzean abiatu eta urria bitartean iraun zuen bidaia egin zuen Kepa Acerok. «5 uhin, 5 kontinente» deitu zuen proiektu hartan Namibia, Indonesia, Australia eta Txile zeharkatu zituen, eta Euskal Herrian amaitu zuen, Mundakan, hain zuzen ere. Herrialde bakoitzean hautatutako olatu jakin baten gainean baldintza onenetan surf egitea zuen helburu proiektu hartan.

Namibian ez zuen aukeratutako olatua hartzerik lortu, baina olatu oso onak hartu zituen. Indonesian lortu zuen hautatutako olatua baldintza bikainetan hartzea. Australian izan zen denboran ez zen olaturik izan. Txilen ere bila zebilen olatua aurkitu eta hartu zuen; eta amaitzeko, etxean, Mundakan, saio zoragarri bat izan zuen.

Iazko proiektua amaitu ostean, ordea, Kepak beste bidaiatxo bat egin zuen, orduko hartan txirrinduz. Asturias eta Euskal Herria bitartean ibili zen, eta orduan egindako kilometroak, esperientziak eta hartutako olatuak film batean bildu zituen. Bizikletarekin eta taularekin egindako txangoaren berri ematen zuen «La Ruta Norte» lana aurkeztu zuen Donostian egiten den Amstel Surfilm Festibalen, eta aurtengo film labur onenaren saria jaso zuen.

Orain proiektu berri bat du esku artean Acero anaietatik gazteenak, «Azken Muga». Abuztuaren 21etik aurrera, Keparen blogaren bidez jarraitu ahal izango dugu proiektua (www.kepaacero.com).

Helburua munduko bi muturretan surf egitea da, bi poloetatik gertuen surf egin daitekeen lekuak aurkitzea.

Alaskako eta Patagoniako bi olatu ezezagun aukeratu ditu Kepak. Olatu hauek, lehen inoiz surf egin ez den lekuetan aurkitzen dira eta nola edo hala moldatu beharko du lekura iritsi eta olatu horiek hartzeko. Mutur batetik bestera, geldialdi bat egingo du Perun eta han ere leku isolatuetan surf egingo du.

Iaz bezala, aurten ere bakarrik egingo du abendura arte iraungo duen bidaia. Ez ditu ezagutzen olatuen kokapen zehatzak, ezta bertaratzeko modua ere, lehenago inoiz surf egin ez den lekuak baitira. Horrek oso interesgarri bilakatzen du proiektua, olatuen kalitate onaz harantzago, bidaiak berak hartzen baitu lehentasuna.

Giza faktorea oso garrantzitsua izango da muturreko egoeretan aurrera egiten jakiteko, zailtasunak eta arriskuak ugariak izango baitira. Gainera, kontuan hartu behar da gertakarien irudiak hartzeko inongo laguntzarik izango ez duenez, bere kabuz hartu beharko dituela irudiak, eta horrek are eta zailago bilakatzen du proiektua behar bezala gauzatzea. Iazko proiektuan irudi oso onak lortu zituen Kepak, baita bere buruari surf egiten ateratakoak ere, baina bere blogean kontatzen zituen zenbait pasadizo interesgarrik ez zuten irudirik, bitarteko materialak urriegiak zirelako.

Surflariaren jatorrizko bidaia modua bildu nahi du Kepak bere kamerarekin. Horretarako oinarrizko osagaiak abentura, inguru naturala eta giza harremanak dira. Ez da batere erraza momentu jakin batzuetan gertatzen dena behar bezala azaltzea. Gainera, askotan, argindarrik edo oinarrizko azpiegiturarik ez dagoen lekuetan egonda, alferrikakoa da sekulako ekipoa izatea, bateriak kargatzeko argindarrik eskura ez badago. Hala ere, nahiko ondo moldatzeko gaitasuna baduela erakutsi zuen iaz Kepak.

Bidaia oraindik hasi ez badu ere, bere blogean ikus daiteke jada nola ari den prestatzen horretarako. Bideo batean, aholkuak ematen dizkion lagun batekin duen elkarrizketa ikus daiteke. Antza, lagun horrek ezagutzen du Kepak helmuga duen ingurunea, eta zenbait gertakari kontatzen agertzen da.

Kontakizunetako batean honela mintzo da: «Neoprenoa jantzi eta uretara zoazela, hartz bat duzu albo batera, beste aldean bisonteak. Itsasoratzean berriz, milaka itsas otso ikusten dituzu. Eta baleak... eromena da».

maila gorena

Nesken zein mutilen kasuan hiru txapelketek osatzen dute Junior kategorian goi mailako zirkuitua, eta denek zirkuituko leku eta data berean egiten dituzte txapelketak.

meritua

Zirkuitu guztiek, herrialde batekoak edo bestekoak, ez dute ospe bera. Australiako zirkuitua irabazteak meritu handiagoa du Europakoa irabazteak baino, Australiako surf maila handiagoa baita.

helburua

Alaska eta Patagoniako bi olatu ezezagun aukeratu ditu Kepak, lehen inoiz surf egin ez den lekuetan, eta nola edo hala moldatu beharko du lekura iritsi eta olatu horiek hartzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo