ITSASOA
PRO Junior Etorkizuneko surflarien zirkuitua
Azken asteetan bi PRO Junior txapelketa ikusi ahal izan ditugu gure kostaldean, baina zein zirkuitutan kokatzen dira txapelketa hauek?
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Uztailean bi PRO Junior txapelketa izan dira gure kostaldean, bata Donostian eta bestea Sopelan. Hainbeste txapelketa egiten diren garai hauetan, denak saltzen dira garrantzitsuenak balira bezala; horregatik, txapelketa hauen nondik norakoen berri ematen dugu jarraian, surf txapelketen jarraitzaileak pixka bat kokatzeko helburuarekin.
19 urte bitarteko lehiakideen kategoria da Junior maila. ASP erakundeak, zazpi lurraldetan banatzen du mundua eta lurralde bakoitzak bere Junior zirkuitua dauka. Junior kategorian, soilik mundu mailako hiru txapelketek osatzen dute maila goreneko zirkuitua. Hala ere, edozein herrialdetako txapelketetan mundu osoko surflariek parte hartzeko eskubidea dute. Adibidez, australiar batek Europako txapelketa batean parte har dezake puntuak biltzeko helburuarekin, baina bildutako puntuak ranking orokorrerako izango dira, inolaz ere ez Australiako zirkuituko rankingerako.
Australia (Narrabeen), Indonesia (Bali) eta Brasil (Rio De Janeiro) dira Junior kategorian goi mailako zirkuitua egiteko hautatutako herrialdeak, eta soilik, aurrez behar adina puntu bildutako lehiakideek har dezakete parte hiru txapelketa hauetan.
Nesken kasuan ere hiru txapelketek osatzen dute Junior kategorian goi mailako zirkuitua, eta mutilen zirkuituko leku eta data berean egiten dituzte txapelketak.
Aurten oraindik, txapelketa bakarra egin dute, Narrabeenekoa, eta Marc Lacomare Hossegorreko surflariak irabazi zuen. Aipatu hiru txapelketa nagusiez gain, herrialde guztietako txapelketak batuta, batez beste, 35 PRO Junior txapelketa egiten dira urtean zehar mutilen kasuan eta hogei txapelketa inguru nesken kasuan. Askotan, batera egiten dira nesken zein mutilen PRO Junior txapelketak.
Herrialde bakoitzean egiten diren txapelketen baturak osatzen du herrialde horretako zirkuitua, baina ez dute herrialde guztiek ospe bera. Esate baterako, Australiako zirkuitua irabazteak, Europakoa irabazteak baino meritu handiagoa du, herrialde horretako surf maila hobea baita.
Aurtengo Europako zirkuituko txapelketak munduko zazpi lekutan banatuak dira; Reunion irlak, Kantabriako Somo hondartza, Kanarietako Lanzarote uhartea, Donostia, Sopela, Lacanau eta Ingalaterra.
Soilik Lacanau (Frantzia) eta Newquay (Ingalaterra) falta dira aurtengo zirkuitua amaitutzat emateko, eta biak, abuztuan egingo dituzte. Izan ere, 19 urte bitarteko lehiakideak direla kontuan hartuta, eskola ikasturteari begira antolatzen dute PRO Junior zirkuitua.
Nesken kasuan, sei txapelketa egiten dira Europan Junior mailakoak, gehienak mutilen txapelketekin batera. Txapelketa bakarra falta da aurtengo zirkuitua amaitzeko, abuztuaren 12a eta 15a bitartean Lacanauko hondartzan egingo dena, hain zuzen ere.
Uztailaren 21a eta 24a bitartean egin zuten Donostian Oakley Pro Junior txapelketa. Mutiletan Vasco Riveiro, 17 urteko portugaldarrak irabazi zuen txapela. Sopelan berriz, uztailaren 28 eta 31 artean egin zuten Billabong markak babestutako txapelketan, Ian Fontain frantsesa izan zen irabazle. Europako zirkuitua amaitzeko bi txapelketen faltan, Donostiako txapelketa irabazi zuen Vasco Riveiro aurkitzen da lehen postuan Europako rankingean.
Oraingoz rankingean posturik hoberena duen euskalduna berriz, Borja Agote donostiarra da, 23. postuan dago-eta. Dudarik gabe, Europako rankingean frantsesak dira nagusi lehen hamar postuetatik sei beraiek eskuratu baitituzte.
Nesken kasuan, bai Donostian, bai Sopelan, irabazlea lehiakide bera izan zen, Reunion irletako 19 urteko surflaria, Canelle Bullard. Oraingoz, Bullard dago Europako zirkuituan buru, 994 punturekin, baina bigarrenak, Defay Joane frantsesak, 987 punturekin jarraitzen dio; beraz, ez dago alde handirik eta Lacanauko txapelketa erabakigarria izan liteke aurtengo Europako nesken Junior txapelduna nor izango den jakiteko. Posturik onenean dagoen lehen euskalduna zazpigarren postuan dago eta Garazi Sanchez getxotarra da, 501 punturekin. Nesken kasuan ere frantsesak dira nagusi, lehenengo bost postuak beraienak baitira.