GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria | Irakaslea

Monzon, modernoa

Mende bat iragan da eta gertakariek erakusten digute estatuen aurrean batasuna beharrezkoa dela entzunak izateko. Herri honi etorkizunik eman nahi bazaio, hau da bidea, gutxieneko batzuen inguruan

Aurten, Larrainek eskaintzen digu pastorala. Urtero bezala, Xiberoa aldera joanen gara xiberotarrek neguko hilabeteetan prestatutako kultur ekintzaz gozatzera. Bakoitzak bere inpresioak ateratzen ditu, bere kritikak. Ondoko hilabeteetan garatuko diren sorkuntzek momentu horretatik aterako dituzte eraginak. Pastoralak zerbait uzten digu.

Aurten, pastoralak Monzon aipatzen digu. Monzon gogoan dugu oraindik. Historia garaikidea jarraitzen dugunok, oso hurbil dugu Monzon, haren eragina handia izan baita. Gure artean bizi baitzen, hurbil. Hurbil eta gure herria urrun eraman nahian, gure herria anbizio handiz bizi baitzuen.

Kultur gizona zen Monzon; sorkuntzak utzi dizkigu, Ipar Euskal Herrian antzerkiak eskaini zituen, antzerki mugimenduko partaide fina izan zen, gazte andanak parte hartu zuen hark idatzi eta zuzendutako antzerkietan. Herrietako giro hori preziatzen zuen eta abertzaletasuna plazaratzea gustukoa zuen. Horren aztarnak gure artean daude oraindik. Idatzitako antzerkiak berriz ere argitaratuak izan dira negu honetan bertan Hiru argitaletxearen eskutik. Idatzi horiek deskubritzeko aukera dago oraindik, beharrezkoa da gaurko Ipar Euskal Herriko egoera hobeki ulertzeko.

Haatik, Monzon politika gizona zen, oroz gainetik politika gizona, abertzaletasunaren alde borrokatzen zena, Euskal Herriarentzat aterpearen bila joaten zen politika gizona, autonomia nahiko ez zuena, independentzia helburu zuena.

Monzonek gerla ezagutu zuen, abertzaleen eremutik, abertzaleen ordezkaria zen, frankisten aurkako borroka ezagutu zuen. Gerla urte horietaz ez digu lekukotasun handirik utzi; alta, jakin nahi genukeen Barne Sailetik hilabete, urte bortitz horiek, nola bizi izan ziren, burujabetza esperientzia urte horietatik zer ikasgai atera zituen, geroari begira.

Ondoko urteak, gehienak, Ipar Euskal Herrian bizi izan zituen, egin zituen urrats guztiak abertzaletasunari buruz eman zituen. Gaur egun oso egoera normala ematen du; alta, orduan, Ipar Euskal Herrian, «Euskal Herria askatua» oso lema urruna zen, nahiz eta ikurrina toki askotan agerian egon, gaur bezala. Monzon amets horren ordezkaria zen, ez baitzuen inoiz bere nortasuna, bere ideala, bere helburua ukatu. Egindakoaz ez zen damutu; aitzitik, goraipatu zuen eta belaunaldi berriari lekukoa pasatzen ahalegindu zen. Horrela, kazetari ezagun batek kontatu zuen ikusi zituela, muga pasa orduko, 81ean tanketa frankistak ez, baizik eta tanketa demokratikoak gorputz zen Monzon inguratzen, Bergararaino eramateko. Tanketak ez zeuden hor sailburu baten ohoretan, baizik eta estatuaren marka erakusteko. Ez zuten garaitu.

Historia emeki aitzinatzen da, gaur egungo egoeran argi da Monzon non kokatuko zen. Abertzaleen arteko akordio orokor baten alde egonen litzateke. Ez luke onartuko EAJren jarrera. Abertzaleen indarren metaketa eskatuko luke Madrilgo parlamenturako hauteskundeen prestatzeko. Orain ere ezinezkoa dela ematen du. Haatik, batasun hori gabe estatuak garaile ateratzeko aukerak ditu oraindik. Mende bat iragan da eta gertakariek erakusten digute estatuen aurrean batasuna beharrezkoa dela entzunak izateko. Herri honi etorkizunik eman nahi bazaio, hau da bidea, gutxieneko batzuen inguruan.

Monzon zazpi herrialdeen arteko loturak indartzen saiatu zen, gure nortasuna gorantz eramaten. Ez dugu ahantziko, gure anbizioa burujabetza baita, zazpi herrialdeak bildurik, burujabetza. Monzon garaikidea, modernoa da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo