Jakin-mina bidaia-lagun
Josebe Egia
Inoiz ez naiz izan kirolaria. Gaztetan, kuadrillakoekin mendira joan, pala partidak jokatu edo izerdia botaraziko zigun beste edozer egin baino, nahiago izaten nuen asteburu goizak etxeko emakumeei laguntzen eman. Gero elkartzen nintzaien ni lagunei, garagardo eta pintxoen orduan.
Horregatik garatu dut, agian, emakumeekiko sentiberatasun berezi hau. Emazte ohia ez da ados egongo, gorroto ez banau ere, baina gainerako mutilek aurreko orduetako gorabeherak kontatzen zituzten bitartean, nire buruan etxeko emakumeenak egon ohi ziren. Amonaren kexu etengabeei inork ez zien erreparatzen, baina nik bai, amona txikiak asko maite ninduelako, eskuak mantalean garbitzeko haren era nire haurtzaroko irudi samurrenetakoa da, iltzatuenetarikoa. Ama, aldiz, mundua konpontzeko hersturak mugiarazten zuen, hizkera bizkor eta etenean eginda ni arazo horien jakitun. Azkenik, arreba zaharra nuen, Luzia, hain mari-apaina, berritsua, ameslaria, beti amonarekin ika-mikan -amonak esaten zion ez zuela sekula fundamentuzko familiarik izango, arrautzak frijitzen ere jakin barik-. Maite nuen Luziak begia kliskatzen zidanean, guztiaren gainetik egongo bagina bezala.
Gustuko ditut emakumeak, haien pasio eta buruhausteak, haien elkarrizketa eta sekretuak. Hain zuzen, zerbaitek mugitu banau nire bizitzan, hori emakumeekiko jakin-mina izan da. Guztiek, zahar, gazte, hurbileko, urruneko, lagun, lagun baino gehiago bihurtuek, denek piztu didate jakin-mina. Eta gertatu izan zait emakume asko batera ikustean, halako «kortozirkuitua» gertatzea nire zentzumenetan, hainbeste begiratu, hainbeste usaindu, ulertu eta barneratu nahian.
Azkena joan den ostiral gauaz gertatu zitzaidan. Arrebarekin hiruzpalau egun eman ondoren -nori otu dakioke abuztua Galiziako puntarik baztertuenean pasatzea, bakardadean zoriontsu-, Santiagora hurbildu nintzen autobusa hartzera, eta bide batez, badakidalako inoiz ez dudala Santiago bidea egingo, bertako katedralaren parean egunero gertatzen dena ikustera, alegia, erromesen iriste etengabea. Polita, egia esan, inbidia ere eman zidan inoiz biziko ez dudana besteengan ikustea, baina, bestetik, norberaren mugak ezagutzea bertutetzat daukat, beraz, ikuskizunak beteta abiatu nintzen autobusera.
Eta hura ustekabea, gaueko 23:15ean, Bilborakoan, emakumeak nagusi bidaia hartan. Gehienak bakarrik, mendiko arropaz jantzita, nekatu aurpegiz, motxila bizkarrean, ez orraztu ez makillatu ez apaindurarik. Natural. Egin beharrekoa egin eta etxera abiatzen denaren asebetetzea eta lasaitasuna begiradan. Bata eta besteari begira, zerk bultzatu zituen bidea egitera galdetzen nion nire buruari, zergatik orain, zergatik bakarrik, arrazoi sakonik bai, aparteko arrazoirik ez, gustatu zaizu, kostatu zaizu, kontatuko zenidake... Gaua di-da batean joan zitzaidan nire jakin-minari engainatzeko pila bat istorio asmatuz, benetan gozatu nuen emakume adoretsu haien loaldia zaintzen. Hori bai, emakumeak emakume, giroko oin usainak ia ez dit utzi hau idazten!