GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

TRONTZA Euskal Herriko Txapelketa

Barberena anaiak, denen gainetik

Ultzamako bikoa da egungo txapelduna, eta aurtengoan ere irabazteko faborito nagusiak, ia bakarrak, direla argi utzi zuten.

p028_f01_148x100.jpg

Jon LEUNDA

Barberena anaiek argi eta garbi utzi zuten Baliarrainen zergatik diren Euskal Herriko Txapelketa irabazteko faborito nagusiak. Ultzamako bikoak oso erraz irabazi zuen kanporaketa, eta finalean ere gainerakoek oso zaila izango dute haiei aurre hartzea, gaur egun besteei koska bat, gutxienez, kentzen baitiete.

Bederatzi bikote lehiatu ziren atzo Baliarrainen jokatu zen kanporaketan. Pilotalekua erabat bete ez bazen ere, sarrera bikaina izan zen. Bakoitzak hamar epai etzanda eman behar izan zizkion 45 ontzako enbor bati, eta beste bost tamaina bereko enborrari, zutik jarita.

Bederatzi bikotetik seik lortu zuten datorren irailaren 3an Donostian jokatuko den finalerako txartela, eta honako hauek izan ziren helburua bete zutenak: Barberena anaiak, Astondoa-Etxeberria, Lasaga-Galarregi, Pikabea-Morrondo, Cano-Maiza eta Garmendia-Iraola. Beste hirurek, Arana-Loiolak, Salegi-Zubiaurrek eta Aizkorbe-Goldarazenak bigarren mailakoa jokatu beharko dute, eta txapel hori lortzen saiatu beharko dute.

Hiru txandatan banatuta lehiatu ziren, eta estreinakoa oso ona izan zen, agian orekatuena, hirurek lortu baitzuten finalerako txartela. Garaipena Lasagak eta Galarregik lortu zuten, baina oso gertu izan zituzten beste bi bikoak, bai Cano-Maiza, bai Pikabea-Morrondo. Guztiak hamar segundoren barruan sartu ziren, eta hiru bikoek lortu zuten Donostiarako txartela.

Multzorik eskasena, bigarrena izan zen. Bertatik lehen sailkatuek bakarrik lortu zuten, Iraolak eta Garmendiak, alegia, finalerako txartela, beste biak ez baitziren aurreneko seiren artean sailkatu, eta bigarren mailako finala jokatzearekin konformatu beharko dute.

Hirugarren txandako lehen biak izan ziren sailkapeneko aurreneko biak. Hirugarrenak, berriz, ez zuen lortu finalean sartzea. Garaipena Barberena anaiek eskuratu zuten, eta haientzat izan zen, gainera, sailkapen nagusiko lehen postua ere. Bigarren sailkatu ziren Astondoak eta Etxeberriak ere oso lan ona egin zuten, hauek ere sei minutatik jaistea lortu baitzuten, baina Barberena anaiak une honetan beste guztien gainetik daude; koska bat edo bi aurretik daudela argi eta garbi geratu zen. Halako lan labur batean bigarrengoei minutu eta erdi kendu zieten, eta hori zerbaiten seinale bada.

Besteak

Lasaga-Galarregi, Astondoa-Etxeberria, Pikabea-Morrondo, Cano-Maiza eta Iraola- Garmendia ere sailkatu ziren irailaren hasieran jokatuko den finalerako.

Harri-jasotzaile berriak ikusteko parada izango da Mallabiko Torneoan

Zaleek harri-jasotzaile berriak ikusteko eta ezagutzeko parada izango dute gaur 17.30etik aurrera Mallabian jokatuko den bertako lehiaketan.

100 kiloko zilindro zaharra eta pisu bereko bola erabili beharko ditu harri-jasotzaile bakoitzak, eta harri bakoitzarekin bost minutuko txanda bana izango dituzte.

Parte hartuko duten harri-jasotzaileak honako hauek dira: Urrutia, Izeta III.a, Jagoba, Belioso eta Inharreta.

Dudarik gabe, denak arituko dira txapelaren lehian, baina faborito nagusiak Izeta III.a eta Belioso dira. Badirudi, gauzak asko okertzen ez baldin badira, bi harri-jasotzaile horietako bat izango dela txapela jantziko duena. Jagoba eta Inharreta dira orain arte plazetan asko ikusi gabekoak, eta zaleek badute horiek ikusteko gogoa. Biak ere bizkaitarrak, saiatuko dira lan ona egiten.   J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo