GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

ITSASOA

Cola Cao hautsak

Surflari ERNEGATUA

Nork ez du ezagutzen RIP taldearen abestia:«Yo ya tengo novia, ya encontré mi amor, la otra noche la bese en un callejón, es alta y morena...». «Cola Cao hautsak» harrapatu zuen belaunaldi oso baten ereserkia.

Zentimetro batzuk txikiagoa nintzenean, RIP-ekoak nire ezkaratzeko atarian ikusten nituen, azal eta hezur baino ez ziren beste gazte andana batekin. Heroinaren garai latzak. Cola Cao hautsaren garaiak.

Eta nork ez du ezagutzen Yahel? Hilea lixibaz erreta duen, Cola Cao iragarkiko hamar urteko surflari kanariarra. Ez zaio zipitzik ulertzen, baina hortz zuriak (hauek ere lixibaz garbituak) erakusten maisua da.

Iragarki honek izan duen arrakasta ikusita, Cola Caoko iragarki egileak antzerako istorioak kontatuko dituzten haurren bila dabiltza. Antonio Kobau epaimahaiko buruak garbi dauka: «Ez da kanpaina soil bat bezala ulertu behar, bizitza ulertzeko modu gisa baizik. Programa hau marka batek bere balioekin duen konpromisoaren isla da. Gauzak beraiek nahi bezala egiten dituzten inkonformista txiki horiei guztiei laguntzeko hartutako konpromisoa da».

Cola Cao hautsa, marroi kolorekoa, beste zerbaitekin nahastu dutelakoan nago. Herriaren opio famatua. Nik haurrik izango banu ez nintzateke halako jendearen eskuetan uzten ausartuko, zebra-bideak begiratu gabe iragaten dituzten haur zaintzaile, aiton-amonekin gehiago fio naiz.

Marroi koloreko hauts hark, emakume beltzaran altu hark, belaunaldi bat «maitemindu» zuen. Garai haietan, debekatua zuten nire auzora etortzea eskolako lagunek, «colacaozalez» josita baitzegoen kalea eta oso arriskutsuak omen ziren.

Nire lagunen gurasoak erratuta zeuden, egungo gurasoak (RIPekoen belaunaldi bereko bizirauleak) dauden modu berean. Cobauren hitzak entzunda, garbi daukat. Colacaozale arriskutsuak ez ziren lehengo punki haiek, gaurko yupi hauek baizik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo