GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Punta-puntako ikuskizuna Huntington Beachen

Ikusle gehien biltzen duen txapelketa da Huntington Beachen egiten dena, ikuskizuna ziurtatuta baitago.

p030_f04_149x89.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Huntington Beach, Kaliforniako kostaldean dagoen hondartza bat da. Bertako olatuak ez dira onak, baina han egiten diren txapelketek beste inon biltzen ez den jendetza biltzea lortzen dute.

Huntingtonen aspalditik egiten dira mundu mailako txapelketak. Australiarren eta amerikarren arteko lehia oso gogorra zen garaietan, 80ko hamarkadan, Pipelineko txapelketarekin batera txapelketa garrantzitsuena zen eta Huntingtonen irabazteak ospea ematen zion lehiakideari.

1986. urtean istilu larriak izan ziren munduko surf txapelketa egiten ari zirenean. Milaka pertsona bildu zen ikuskizunaz gozatu eta festa egiteko, baina jende multzo bat poliziaren aurka oldartu zen eta txapelketa eremuan liskar gogorrak izan ziren polizien eta jendearen artean.

AEBak vs Australia

Goi mailako surf zirkuituak osatzeko olatu onak dituzten lekuak bakarrik hautatu behar direla erabaki zenean, Huntington Beach WCT zirkuitutik kanpo geratu zen, baina bertan egiten den txapelketak WCT mailako txapelketa askok baino arrakasta handiagoa duela esan daiteke. Horren adibide garbia azken txapelketan izan dugu.

WCT zirkuituan dauden Kelly Slater, Dane Reynolds eta Bobby Martinezek Hegoafrikan egin zen zirkuituko laugarren txapelketan ez zuten parte hartu, baina Huntingtoneko txapelketan parte hartzeko aukera ez zuten galdu nahi izan.

Slater eta Reynoldsek WCTko azken txapelketan parte hartu ez izanak hautsak harrotu zituen, motibazio faltaren eztabaida mahai gainean jarri baitzuten. Huntingtoneko txapelketak ez du WCT txapelketa batek adina puntuatzen (PRIME kategoriakoa da), baina 100.000 dolarreko sariak munduko surflari onenak erakartzen ditu.

Dale Velzy. R.I.P.

Huntingtonen, modalitate eta maila desberdinetako txapelketak egiten dira, skatea, surfa eta abar. Marka desberdinek antolatutako erakusketak eta promozio ekimenak egiten dituzte. Denetarik aurki daiteke Huntington Beacheko txapelketan, horregatik pilatzen da hainbeste jende eta horregatik da garrantzitsua sponsorrentzat haien ordezkariak han izatea.

Gainera zenbait kategoriatan (Junior kategorian kasu) txapela irabazten duenak, AEBetako surf txapeldunaren titulua eskuratzen du.

Aurtengoan Kelly Slater izan da irabazlea kategoria irekian, goi mailako kategorian, baina epaileek berarekin izan duten jarrera oso kritikatua izan da. Askoren ustez gehiegizko puntuazioak jaso ditu Floridakoak, eta australiar zein estatubatuarren arteko tirabirek indarra hartu dute. Horren adierazle garbia izan zen final-laurdenetan Kellyk Taj Burrow australiarrarekin izan zuen txanda.

Taj Burrowek olatu bikainak egin zituen, baina epaileen puntuazioa bozgorailuetatik esaten zuten bakoitzean kexu zen, gutxiegi puntuatu zutela uste baitzuen. Kelly Slaterrek tubo bat egin zuen eta 8.40 puntu jaso zituen. Hori ikusita, Taj Burrowek beste tubo bikain batetik erantzun zuen, baina 8.10 puntu bakarrik jaso zituen eta epaileei keinuak egiten hasi zen.

Huntingtoneko txapelketa hasi baino egun gutxi batzuk lehenago, uztailaren 28an, Dale Velzy zendu zen.

Uztailaren 25ean, GARAk Velzyren ibilbidea aipatzen zen artikulu bat argitaratu zuen. Artikulu hartan Velzyren argazki bat ere argitaratu zen, aspaldiko argazki batean, tailerrean taulak egiten agertzen zena.

Dale Velzy AEBetan izan den taulagile esanguratsuenetarikoa izan zen. Huntigton Beachen egiten zuen surf, eta han egin eta saltzen zituen bere taulak, berak irekitako surf denda batean.

Huntingtoneko surfaren historian hain esanguratsua izan den pertsonaia gogoan izan zuten munduko surf txapelketan.

Lehenetarikoa

Lehen surflari europarrak ez ziren biarriztarrak izan, britainiarrak baizik, eta gainera, zutik surf egiten lehenetarikoa, Edward printzearen atzetik, Agatha Christie idazlea izan zen.

lehen urratsak

Agatharen lehen urratsak: «Hegoafrikako surf taulak zur arinez eginak dira. Estuak dira eta erraz garraia daitezke; horrela hasi nintzen berauekin olatu artean ibiltzen».

sari erakargarria

Huntingtoneko txapelketak ez du WCT txapelketa batek adina puntuatzen (PRIME kategoriakoa da), baina 100.00 dolarreko sariak munduko surflari onenak erakartzen ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo