GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Mikel Zubimendi Kazetaria

Savielly Tartakower, ezker abertzalekoa

Xakea maite dut. Unibertsala den heinean, zirkunstantziek munduko bazter ezberdinetako jendearekin jokatzeko aukera eman didate, irabazi ala galdu momentu eder askoak eskainiz: lagunekin hitz egitearen gozaroa, beste ikuskera batzuen txupinazo oparoak, eta abar. Badakit, baina, hainbatentzat joko astuna dela, pentsamoldea koadrikulatzen duen akusazioa eta beste hor daudela. Gustuen kontua izango da, baina niri bederen asko eman dit. Eta, besteak beste, burua borobila izatearen arrazoia erakutsi dit: errotondetan autoen zirkulazioa nola, gure buruan ere ideiak eta eskemak zirkulatu eta behar denean norabidez aldatu ahal izateko, hain zuzen.

Ai oroitzak! Erantzi ezin diren jantziak! Egunotan asko akordatu naiz lagun haiekin. Eta akordura etorri zaizkit xakean aritzean egin genituen aurkikuntza perlak! Gogoan dut kontrario txinatar batek, partida ataskatua eta zeregin argirik gabe nuenean, beren jakinduriaren marabilla hura oparitu zidanekoa: «Ez ahaztu, egoera beltz eta beldurgarrienean ere ezin zarela erdia baino harago barneratu, jadanik ateratzen ariko zinatekeelako». Edo euskaldun minkidearekin gure herriaren demontreak hausnarrean genituela partida hartan ezagutu nuena: taktikaren eta estrategiaren arteko benetako ezberdintasuna, alegia, zeregina dagoenean zer egin jakitea dela taktika eta estrategia aldiz, zereginik ez dagoenean zer egin jakitea.

Zoragarri ederra begitandu zitzaizkidan Savielly Tartakower judu poloniarrarenak diren hitz horiek. Gure herriak libertatearen bidean asmatzeko gaurkotasun eta praktikotasun paregabekoak. Jokalari taktikoa bere elementuan eroso dago mehatxuen aurrean erreakzionatu egin behar duenean, erasoei erantzun beharra duenean. Bere arazoa, ordea, mugimendurik ez dagoenean, ekin eta ez soilik erreakzionatu behar denean, nola aurreratu jakitean datza. Zereginik gabeko fase horretan asmatzeak aspirante eta irabazleen arteko ezberdintasuna finkatzen duela, alegia.

Zereginik gabeko fasean kateatua zirudienean zer egiten asmatu zuen ezker abertzaleak. Eta egun, ongi taxuturiko estrategia baten askatasuna du.

Zailena eginda, aurrerakoak bideragarriago, taktikoki bizkorragoak izango dira.

Taula politikoan datza, egingarri, jokaldi irabazlea.

Baina ikusi egin behar da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo