GARA > Idatzia > Kultura

NIK LAN ETA HIK JAI: Uxoa Arruti

«Lan honekin barne borroka moduko bat daukat»

p044_f01.jpg

Zarauzko gazteak nahiko zorte txarra edukitzen ari dela aitortu digu, jai duen egunetan eguraldi txar-txarra tokatu zaiolako, baina hiru urte darama horrela eta filosofiarekin hartzen du, bere udatxoa eta oporrak gero etorriko direla pentsatuz. Jendeak lanera bueltatu behar duenean berak hartuko du jai.

Hori dauka turismo bulegoan lanean aritzeak; ekainaren 15etik irailaren 15era debekatuta daukate oporrak hartzea. «Badakigu denok hau dela goi denboraldia eta bertan egon behar dugula», adierazi du.

Zumaian egiten du lan eta bertako flysch-aren ingurua geoparke izendatu izanaren eragina sumatzen du. «Igarri dugu pixka bat jendea badabilela horren inguruan. Katalanak etortzen dira batez ere hona, Bartzelonakoak, eta gero, Espainiako edozein lekutakoak, baina Madrilekoak bereziki. Barne turismoa ere asko egiten da, Gipuzkoako jendea egun pasa etortzen delako». Atzerritar anitz Santiago Bidea egiten ari da eta aurten alemaniar ugari etorri da. «Nik uste Santiago Bidea egiten duen hemengo jendeak ibilbide frantsesa egiten duela, Leon aldetik doana, eta frantsesek eta alemanek Iparraldeko Bidea deitzen zaiona egiten dutela asko».

Denetik galdetzen diote turistek Uxoa Arrutiri, baina ohiko galderak bisita gidatuen gainekoak izaten dira, ibilaldiak egiten baitituzte txalupan. Zer ikus daitekeen ere jakin nahi izaten dute, zeintzuk diren interes turistikoa daukaten puntuak, oinez ibiltzeko zer bide dauden, zer garraio dauden, autobus eta tren ordutegiak, ostatua ere bai... «Arazoa daukagu orain horrekin, ostatu guztiak beteta daudelako hemen inguruan. Barrura bidali behar izaten ditugu eta ez zaie gustatzen», azaldu digu. Anitz eragiten die Donostiako Aste Nagusiak ere eta hau izaten dute denboraldi gorena, abuztuaren 15 ingurua.

Herri kirolak, txalaparta...

Anitz galdetzen dute turistek herri kirolez, estropadez ere bai, noiz eta non izaten diren, eta txalapartaren inguruan, batez ere kataluniarrek. Arrutik ohartarazi duenez, txalaparta non ikus dezaketen erratea hagitz zaila da. Gastronomiari buruz ere izaten dute interesa. «Jatetxeengatik galdetzen dutenean ezin ditugu gomendatu. Orduan, beti eman behar dizkiogu bi edo hiru izen eta horietatik baten bat aukeratzeko esan behar diegu».

Bisitariek ez omen dute itsasgoren eta itsasbeheren taula kontrolatzen eta horrek zailtasunak ekartzen dizkie. Arrutik irri artean aipatu digunez, batez ere Mediterraneo aldekoek, valentziarrek eta katalanek, «zein da itsasaldien ordutegia?», galdetzen diete. «Itsasgora hamaiketan da», azaltzen diete, eta turistek «orduan zer, igotzen hasten da, jaisten hasten da?», zalantza izaten dute. Ez dute argi ikusten.

Bere lana ikaragarri gustatzen zaio zarauztarrari. «Udan eta asteburuan oporrak hartzerik ez izateak asko izorratzen nau, baina beste aldetik lana gustura egiten dut. Barne borroka modukoa daukat, ea zer egin behar dudan lan honekin...», dio barrez. Erran digunez, hagitz lan positiboa da, gutxitan daude liskarrak, jendea oporretan eta lasai dago... «Zuretzat eguneroko gauza bat dena, ordutegi bat ematea edo edozein gauza, garrantzitsua izan daiteke turistarentzat, arazo bat konpontzen diozulako. Askori ez diote kalean ulertzen eta lasaitasuna hartzen dute guk ingelesez edo frantsesez egitean». Hagitz esker oneko lana da Uxoa Arrutirentzat eta anitz betetzen du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo