GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

Euskal Herria batzen duen emakumezkoen estreinako futbol Kopa abiatzeko prest dago dagoeneko

Euskal Herriko zazpi herrialdeak ordezkatuko dituzten zortzi talde batuko dituen emakumeen estreinako futbol kopa abiatzeko prest dago. Reala, Athletic eta Lagunak izango dira faboritoak, zerbaitegatik daude-eta Superligan. Faboritoak faborito, honelako lehiaketa bat abian jartzea da garrantzitsuena.

p028_f01_141x165.jpg

Jon LEUNDA

Emakumezkoen futbola zorioneko dago, lehen aldiz jokatuko baita, larunbatetik aurrera, Euskal Kopa. Euskal Herria Kirolak antolatuta, Euskal Herriko herrialde guztiak ordezkatuko dituzten zortzi taldek hartuko dute parte txapelketan. Mutilentzat ere eredugarria izan beharko luke, orain arte ez baita inoiz jokatu; agian, bultzada bat izan daiteke, nahiz eta gizonezkoena antolatzea askoz ere zailagoa den.

Reala eta Añorga izango dira Gipuzkoako ordezkariak, Lagunak eta San Juan Nafarroakoak, Athletic eta Abanto, Bizkaikoak, Gasteizko Aurrera, Arabakoa, eta Donapaleu, Ipar Euskal Herrikoa. Azken talde hori berezia izango da: nahiz eta Donapaleu taldearen izena, koloreak eta zelaia erabiliko dituen, Donapaleuko jokalariez gain, Garaziko, Mauleko eta Ziburuko jokalariak ere egongo dira taldean.

Final-laurdenetako lehen partida larunbatean jokatuko da Donapaleun, eta bertan Donapaleu eta Abanto neurtuko dira, 18.00etatik aurrera. Abuztuaren 24ean, Azpeitian, Garmendipe futbol zelaian, Athletic eta Añorga lehiatuko dira 18.30etik aitzina. Egun berean, 19.00etatik aurrera, Zubietan Reala eta San Juan neurtuko dira, eta, Gasteizen, Olaranbe futbol zelaian, Aurrera eta Lagunak -20.00etan hasiko da partida-. Finalerdiak abuztuaren 26an jokatuko dira Laudion eta Beasainen, biak 18.30ean. Lehenengoan Donapaleu eta Abantoren arteko irabazlea Athletic eta Añorgaren arteko garailearen aurka lehiatuko da, eta, bigarrengoan, berriz, Realaren eta San Juanen arteko neurketako irabazlea Aurreraren eta Lagunaken arteko irabazlearen aurka arituko da. Finala, berriz, abuztuaren 28an jokatuko da, Bakion, 18.30ean.

Taldeei begira jarrita, izen handia dute. Hiru, Athletic, Reala eta Lagunak, Superligan ari dira. Athleticek ligak ere irabazi izan ditu, eta beti egoten da goiko muturrean. Reala, aldiz, Kopako finalerdietara sailkatu zen iaz bertan. Lagunak berak ere badaki Kopako finala jokatzea zer den. Abanto Bigarren Mailan dago, eta iaz Superligarako igoera fasea jokatu zuen. Gasteizko Aurrera, berriz, Arabako talderik onena da. Bigarren Mailan dago, eta beti aurrealdean ibiltzen den taldea da. Añorga ere Bigarren Mailan dago, baina talde historikoa da. Badaki zer den Liga eta Kopa irabaztea, eta, Athleticekin eta Oiartzunekin batera, emakumezkoen futbolean Euskal Herrian titulu gehien irabazi dituen taldea da. Orain apur bat behera egin du, baina emakumezkoen futbolean Gipuzkoako eta Euskal Herriko talderik garrantzitsuena izan da luzaroan; egun ere harrobi bikaina duen taldea da, eta, hori baliatuta, berriz ere herrialdeko futbolean goiko muturrean sartzeko lanean ari da. San Juan ere Bigarren Mailan dagoen taldea da.

Ipar Euskal Herrikoen kasuan, gauzak ezberdinak dira. Izan ere, une honetan hamaikako futbolean ez dago talderik. Orain gutxira arte Hiriburuko Ainarak taldea aritu da lehiaketetan, maila oso onean gainera. Goi mailako jokalariak zituzten lapurtarrek, horietako batzuk nazioarteko lehiaketetan ere ari zirenak. Aldiz, une honetan hamaikako futbolean ez dago Ipar Euskal Herriko talderik; denak zazpikoan jokatzen dute. Horregatik, nahiz eta Euskal Kopan Donapaleu izenarekin arituko diren, Donapaleu, Garazi, Maule eta Ziburuko jokalariekin osatu dute taldea; guztira hamasei jokalari dira, eta lehiaketa jokatzeko gogoz daude. Zazpikoan ez dabiltza gaizki, iaz Garazik Akitaniako Kopa irabazi baitzuen.

«Zazpiko futbolean arituta, honelako lehiaketa batean parte hartzeko garbi geneukan Ipar Euskal Herriko selekzio bat egin behar genuela, eta hori egin dugu. Lau taldeon artean osatu dugu ekipoa, eta ilusioz gainezka gaude», aitortu du Amaia Prebendek, Donapaleu taldeko jokalariak. «Liga urrian hasten dugu guk; beraz, entrenatzen irailaren hasieran hasten gara. Txapelketa hau apur bat goiz etorri zaigu, baina bi aste daramatzagu buru-belarri prestatzen. Entrenamendu gogorrak egiten ari gara, eta itxaropentsu gaude», azaldu du Amaiak.

«Une honetan, batik bat Ainarak taldea desagertuz gero, emakumezkoen futbolak apur bat behera egin du Iparraldean. Agian, Realak edo Athleticek Hegoaldean egin duten bezalaxe, hemen Avironek egin beharko luke nesken futbolaren aldeko apustua», erantsi du.

Hala ere, Amaiak itxaropenez eta gogoz hartzen du lehiaketa. «Guretzat oso erronka polita da. Final-laurdenak gainditzea badakigu zaila izango dela. Abanto talde handia da, iaz Superligara igotzekotan egon zen; beraz, badakigu zer daukagun aurrean. Hala ere, saiatuko gara lan ona egiten, eta lehiaketa hau antolatzen jarraitzen baldin badute, guri berriro ere parte hartzea gustatuko litzaiguke», onartu du Donapaleu taldeko jokalariak.

Helburuak

Euskal Herria Kirolakeko kide den Jon Esturok argitu dizkigu lehiaketa honen nondik norakoak. «Euskal Herria Kirola kirolariek sortutakoa taldea da, eta asmoa Euskal Herriko herrialde guztietara honelako ekitaldiak eramatea da. Emakumezkoen futbolean hau egin zitekeela ikusi genuen, eta lortu ahal izan dugu», onartu du.

Parte hartuko duten kluben zerrenda nola osatu duten ere argitu digu: «Lau zerrendaburu jarri ditugu. Hasteko, Superligako hiru taldeak, Reala, Athletic eta Lagunak, eta, gero, Abanto, Bigarren Mailako iazko txapelduna. Argi geneukan horrelako lehiaketa bat egiteko Gipuzkoatik, Bizkaitik eta Nafarroatik bina talde sartu behar genituela eta bana Arabatik eta Ipar Euskal Herritik». Bizkaian eta Araban ez zuten zalantzarik. Izan ere, Athletic eta Abanto dira une honetako bi talderik onenak. Arabatik ere ez, Aurrera baita bertako onena eta Bigarren Mailan ari den bakarra. Besteekin, ordea, zenbait buru-hauste izan dituzte antolatzaileek.

«Gipuzkoan garbi zegoen Realak egon behar zuela, Superligan dagoelako. Gero, Eibar eta Oiartzun dira azken urte hauetan ongien ibili direnak. Arrazoi ezberdinak tarteko, aldiz, horietako inor ezin izan dugu ekarri, eta, azkenean, Añorgaren aldeko hautua egin dugu. Talde historikoa da, Superligan titulu bat baino gehiago lortutakoa. Nafarroan ere garbi geneukan Lagunakek egon behar zuela. Gero, Osasunarekin hitz egin genuen, baina entrenamenduak eta lehiaketa hau uztartzeko zenbait arazo zituzten, eta, hala, San Juanengana bidali gintuzten; azken horiek oso gustura datoz. Ipar Euskal Herrian, berriz, hamaikako futbolean ez dabil inor, denak zazpikoan jokatzen dute, eta, azkenean, lau talderen artean bat osatu dute», azaldu digu Esturok.

Beste baldintzetako bat belar naturala duen zelaietan jokatzea zen. «Hori garbi geneukan. Lehiaketa belar naturaleko zelaietan jokatu behar zen, eta horren bila aritu gara; alde horretatik erraztasunak izan ditugu, denak laguntzeko prest agertu baitira. Hala, futbolerako oso zelai onak dira guztiak», nabarmendu du Esturok.

Mutilen balizko lehiaketa bat oraindik eta orekatuagoa izango litzateke, baina, Esturok onartu bezalaxe, antolatzeko askoz ere zailagoa. «Mutilek eskualde guztietan talde profesionalak dituzte, eta ligak ere askoz lehenago hasten dituzte. Horrek gauzak asko zailtzen ditu honelako lehiaketa bat antolatzerako garaian», azaldu du. Selekzioekin lan egiteko asmoa ere badute, mutilekin naziorik gabeko selekzioen arteko lehiaketa bat antolatzeko erronka baitute. Hasteko emakumezkoen Euskal Kopa dute, eta ongi irtenez gero, jarraipena eman eta egutegiaren barruan sartu nahiko lukete, ez antolatzaileek bakarrik, baita klubek ere.

Kluben zerrendari begiratuta, dudarik ez dago Superligako taldeak direla faboritoak. Liga hasten ere azkarrenak beraiek izango dira eta entrenamenduak ere aspalditxoan hasita dituzte, eta, kalitateaz gain, prestakuntza fisikoa ere nabaritu behar da honelako lehiaketa azkar batean. Hala ere, talde guztiak gustura daude lehiaketa honekin, beraien prestakuntzarako oso baliagarria izateaz gain, txapelketa bat ere badelako; ez nolanahikoa gainera, une honetan Euskal Herriko talderik onena zein den erabakiko baita nolabait bertan.

Lehen urratsa emanda dago, zailena egina dago, eta, hasierek beti izaten dituzten zailtasunak gaindituta, txapelketa honek aurrera egin beharra du. Klubek beraiek ere aurrera egiteko interesa azaldu dute, eta, seguruenik, lehen txapelketa honetan zalantzaren bat edo beste agertu duten taldeek ere parte hartu nahi izango dute etorkizunean, honelako partidak jokatzea denen gustukoa baita. Azken batean, denboraldiko estreinako lehiaketa ere izango da, eta lehiatzea jokalari guztien gustuko izaten da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo