GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Pello Aramaio Etxaburu Euskal preso ohia

Jainkoen gerratik demokrazien gerrara

Biktima guztiek, denek, errespetu osoa merezi dute. Baina kontuz! Zer gaitzetsi behar den gaiari heltzen badiogu, historiaren zinta birbobinatu dezagun lehenik eta gero hitz egingo dugu

Euskal Herrian, herritar ondradu asko daude, pentsamendu ondradua dutenak eta askatasun ondradua nahi dutenak, baina oraindik eskubide zibil eta politikorik gabe daude.

Gure herriari dagozkion eskubide historikoez baliatuz, bakea oinarritzen da, hain zuzen, erabakitzeko eskubidea juridikoki bermatua izatean.

Euskal arazoari Estatu espainolak betidanik eman izan dio dimentsio polizial-judiziala eta berau konpon ez dadin etengabeko errepresio bortitza erabili izan du herritarren aurka. Zergatik? Razón de estado delakoa dago bitarteko, eta auskalo noiz arte. Aipaturiko estatu arrazoi horrek gu euskaldunok (independentistok) ezberdinak garela esaten digu behin eta berriz, eta hala tratatu ere, nahiz eta Espainiako Konstituzioak besterik esaten duen: «Legearen aurrean denok berdinak gara»... Nortzuk? Gu independentistok, lehen eta orain epailearen aurrera joan aurretik epaitzen gaituzte. Politikaren judizializazioa eta justiziaren politizazioa gertatzen da, boterearen esku dauden hedabideak epaile nagusiak direlarik.

Euskal Herriaren konkista (Nafarroako Erresuma) 1512. urtean hasi zuen Gaztelako erregeak, indarkeria erabiliz, milaka soldaduren bidez, euskal herritarren aurka, eliz hierarkiaren babesaz, bakea hautsiz. Beraz, gure herriaren egungo egoerak edo gatazkak 500 urte beteko ditu.

Hurbilago dagoen iraganera jotzen badugu, II. Errepublikako Gobernuaren aurkako estatu-kolpeak eta ondorengo altxamendu militarrak ere eliz hierarkiaren babesa jaso zuten, herri zibilaren aurka ekiteko eta pertsonak hiltzeko. Nik ez nuke esango gerra horretan bi bando egon zirenik, bat baizik. Jainkoaren izenean genozidioa eragin zutenak izan ziren bando bakarra; besteak, ordea, zetorrenari eutsiz defentsan edo iheska aritu zirenak. Hemen ere espainolen jainkotasuna atera zen garaile eta euskaldun fededunena galtzaile. «Por Dios y por España» zen leloa, gurutzada izenarekin bataiatu zutena, komunismoaren eta separatismoaren aurkakoa, milioi bat hildako eragin zituena.

Franco hil osteko garai konstituzional edo demokraziaren etorrera bezala ezagutzen den hau ere oso txarra izan da guretzat (Euskal Memoriaren datuak). Francoren erregimenak (1975era arte) 86 hildako eragin zituen, baina trantsizioan (1976-79) 88 izan ziren, eta demokrazian (1979-2010) 300. Gerra zikinak edo estatu terrorismoak eragindako hilketak gehienak: Guardia Zibilak, Polizia Nazionalak, BVEk, Tripe Ak, GALek, faxistek, Ertzaintzak, sakabanaketak, torturak eta kartzelak. Beraiek deituriko terrorismoaren aurka denak balio duenez, estatu arrazoi hori demokraziaren gainetik jartzen da. Ezaugarri nagusia da, egun, talde terrorista horietako inor ez dagoela kartzelan, batzuek kartzela zigor handiak jaso zituzten arren, berehala libre utzi zituztelako.

Mariano Rajoyk behin Meridan hau esan zuen: «La excarcelación de Barrionuevo y Vera fue una medida justa y legal». Justizian sinesteko eta legearen aurrean denok berdinak bagara, itxurakeria demokratikoak albo batera utzi eta euskal presoei ere GALeko denei aplikatu zitzaien doktrina bera aplikatzeko eskatzen dut, amnistia osoa alegia, bakea egin nahi bada. Ez dut uste besteek egindakoengatik damurik inoiz agertu zutenik, libre egoteko. Hau da paradoxa: batzuk zigor handiak izan arren libre kalean, eta besteak, ordea, betiko kartzelan.

Fraga Iribarneren iragana gehienok ezagutzen dugu. Katoliko horrek esana da: «el mejor terrorista es el terrorista muerto», baina bera oraindik bizirik dago. Eta PPk esana da: «los terroristas no merecen ser amparados por la Constitución ni por la libertad de expresión». Historiari begiratzen badiogu, nork nori jarri behar dio terrorista titulua? Katolikotasunarekin jarraituz, hemen Munilla apezpikua dugu modan. Ezker abertzalearen aurkako jarrerak agertzen dituenean, gerra garaiko Isidro Goma kardinala, «Por Dios y por España» liburua idatzi zuena, etortzen zait burura. Munillari esan behar zaio «zuek bekatariok» horren garaiak amaitu zirela eta Eliza Ama Santuak oraindik Euskal Herriari ez diola barkamenik eskatu 1936ko genozidioan egindakoengatik, ezta PPk gaitzetsi ere.

Euskal politikari dagokionez, ziklo berri batera sartuak gara eta Bilduk izandako emaitzek argi uzten dute herri honek bake demokratikoa nahi duela eta ez inposiziozkoa, nahiz eta PSOE eta PP, beraiek ulertzen duten demokraziaren izenean, instituzioetatik kanporatuak eta ilegalizatuak izateko ahaleginetan ari diren, hautatuei eta presoen senideei irainka eta mehatxuka. Gerra zikinaren heriotza mehatxuak ere jaso dituztenak badira.

ETA, behin betiko armak uzteko prozesuan murgilduta dago eta atzera bueltarik izango ez duen bidea egiten ari da. Estatuaren terrorismoak, ordea, oraindik bizirik dirau: torturak, epaiketa politikoak, presoen sakabanaketa, gaixotasun larriak dituztenei arretarik eza, biziarteko kartzela zigorra... mendeku «demokratikoaren» biktimak dira horiek.

ETAk bere 50 urteko ibilbidean 820 heriotza inguru eragin ditu, hori egia da. Beraz, biktima guztiek, denek, errespetu osoa merezi dute. Baina kontuz! Zer gaitzetsi behar den gaiari heltzen badiogu, historiaren zinta birbobinatu dezagun lehenik eta gero hitz egingo dugu. PPk mozio bidez eta betiere Bilduri zuzenduta, ETAk eragin dituen heriotzak gaitzestera behartu nahi du, hori egin ezean, harekiko lotura duela frogatu ahal izateko... Lagunok! Nire gomendiorik ez duzue behar, baina joko horretan ez sartu. Adarra jotzera joan daitezela ustelkeriaz jota dauden alderdiko kideengana. Bilduk indarkeriari buruz esan beharrekoak esan ditu argi eta garbi, Sortuk ere bai, bere aurkezpenean.

Itxura hutsezko demokrazian bizi gara, hutsa bezain ustela, gure aurkako gerra bilakatu dena. Jainkorik ez da aipatzen, baina egungo jainkotasuna boterearen sisteman datza independentiston aurka ekiteko. Historikoki horrela izan da, baina orain beraien demokraziaren izenean.

Euskal Herriaren eskubideak aldarrikatzeko eta urteetako gatazka hau konponbidera eramateko, alderdi abertzaleen batasuna ezinbestekoa da une honetan, batik bat azaroaren 20an Madrileko Kongresurako izango diren hauteskundeetan zerrenda bakarrean aritzeko. Herri honek merezi du eta eskertuko luke. Zatiketak ezer onik ez du, batasunak, ordea, gure garaipena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo